Durangaldeko merkatariek irailean hasi zuten Ongi Etorri kanpaina, eskualdeko establezimenduetan tokiko kontsumoa sustatzeko. Gainera, ekimenera batutako bost udalerrietako dendetan 2.500 euro irabazi ahal izateko aukera eskainiko dute. Saritua Maria Asun Eguren izan da, Iurretako Rakel Elikadura establezimenduan egindako erosketagatik.
Joan zen urriaren 25ean trukatu zuen sariaren zati bat, Abadiño eta Elorrioko zenbait establezimendutan. Urriaren 26an, Berriz, Durango eta Iurretan egin zituen erosketak. Alaba eta Dendak Bai elkarteko taldea lagunduta trukatu zuen saria. Rakel Elikadura dendan amaitu zuen ibilbidea. Bertan, batu ziren ekimenean parte hartu zuten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako elkarteetako ordezkariak, kanpainari amaiera emateko, eta "tokiko merkataritza dinamizatzen jarraitzeko konpromiso partekatua ospatzeko" topa egin zuten.
Saria trukatzeko joan-etorriak Durangoko kontzesionario Alluitz Motorrek utzitako autoari esker egin zituztela azaldu dute kanpainaren bultzatzaileek.
Esteblezimenduetara sartzeko gonbita
Ongi Etorri kanpainagaz dendariek gonbidapen zuzena egin gura izan dute: "eskualdeko establezimenduetan askatasunez ibiltzera eta sartzera gonbidatu ditugu herritar guztiak". Horretarako ekimenarekin bat egin duten komertzioen sarreran moketak batzuk jarri dituzte. "Ekintza xume horren helburua da udalerrietako kaleetan paseoan zebiltzan pertsona guztiei ongietorri beroa egitea izan zen, saltokien arteko lotura eta harrera indartuz".
Abadiño, Berriz, Durango, Elorrio eta Iurretako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteek antolatutako kanpaina izan da, herriotako udalekin batera, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesagaz.