Markel Urigoitia eta Oihana Azkorbebeitia nagusi Korosti Trail mendi lasterketan, Legazpin

Anboto 2024ko urr. 14a, 11:29

Markel Urigoitia eta Oihana Azkorbebeitia, irabazlearen txapela buruan eta korosti landarea eskuan.

Korosti Trail mendi lasterketaren lehenengo edizioak zapore gozoa utzi du Durangaldeko mendi korrikalariengan. Izan ere, lasterketako irabazle biak eskualdekoak izan dira. Lasterketa atzo, domeka, jokatu zen.

Mutiletan, Markel Urigoitia korrikalari otxandiarrak irabazi zuen proba, nagusitasun handiz. 23,4 kilometroko lasterketa izan zen, 1.400 metroko desnibel positibokoa, eta Urigoitiak 01:59:12ko denbora behar izan zuen proba amaitzeko. Arriaundi Egurrak taldeko korrikalari otxandiarrak hasieratik hartu zuen lasterketa burua, eta 10. kilometrorako minutu biko aldea ateratzen zion bigarren arineketalariari. Helmugako marran lau minutura zabaldu zuen tarte hori. Ioseba Eskudero idiazabaldarra sailkatu zen bigarren (02:03:15), eta Hodei Lujanbio goizuetarra hirugarren (02:04:47). Otxandiarrak aurten lortu duen laugarren garaipena izan da Legazpikoa.

Nesken artean lehiatuagoa izan zen lasterketa, eta, azkenean, Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak irabazi zuen (02:26:28). Minutu erdi eskasera helmugaratu zen bigarren neska, Lara Estebanez legazpiarra (02:26:50), eta bost minutu pasatxora hirugarrena, Mayi Mujika urretxuarra. (02:31:54). Atzokoa Euskalmushing taldeko abadiñarrak lortu duen zazpigarren garaipena izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!