Haizetea kalte ugari sortzen dabil Durangaldean

Anboto 2024ko urr. 9a, 13:01

Izurtzako hainbat zonaldetan argindarrik barik daude. Durangon ere igarri dituzte kalteak. Ibaizabal ikastolak, adibidez, bertan behera utzi behar izan ditu klaseak, egoera bideraezina egin delako. Ikasleei behar duten guztian laguntzeko borondatea agertu dute. Eskola kirolari loturiko entrenamenduak ere bertan behera utzi dituzte Kurutziaga ikastolan eta Tabiran.

Haizeteagatiko alarma laranja dago ezarrita, eta haren kaleak Durangaldeko hainbat bazterretan igarri dira. Izurtzako zati batean argindarrik barik daude 08:30etatik hona. Urkioil gasolindegitik Mañarirako etxe eta baserriek badute hornidura. Baina gasolindegitik Durangora arteko tartean, ez. Udaletxearen azpiko taberna ere zarratuta dago eta Bitaño auzoan ez dute elektrizitaterik. Udala Iberdrolagaz ipini da hartu emanetan, egoera onbideratzeko helburuz.  "Iberdrolak esan digu matxuraren bat egon dela inguruan. Argindarra 10:30etarako itzuliko zela esan digute, baina ez da halakorik gertatu. Gero, 13:30ean itzuliko zela esan digute", azaldu dute Izurtzako Udaleko iturriek. Matxurak herriko eta inguruetako 3.000 hornidura-punturi eragiten diela jakinarazi dio Iberdrolak Izurtzako Udalari.

Haizeteak eragindako beste kalte bat Durangoko Ibaizabal ikastolan igarri dute. Argirik barik egon dira goizeko lehen ordutik, eta elektrizitate hornidura itzultzen ez zela ikusita, klaseak bertan behera uztea erabaki dute. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako klaseak etenda geratu dira gaurkoz, eta klaseak hutsik daude unetotan. Iker Gomez de Segura zuzendariak azaldu duenez, “klaseak eskura izan dituzten baliabideekin eskaintzen ahalegindu arren, egoera bideraezina bihurtu da momentu batetik aurrera. Batxilergoko ikasleek, adibidez, kontrol saio batzuk izan dituzte gaur. Klaseekin normal jarraitu dute gero, baina egoera bideraezina bihurtu da momentu batetik aurrera”. Izan ere, momentuz ez dakite zehatz zein ordutan bueltatuko den argindarra. “Hasieran 9:30etarako bueltatuko zela jakinarazi digute. Gero, 10:30etarako, baina 11:00ak iritsita argirik barik ibili gara, eta klaseak etetea deliberatu dugu”. Edozelan ere, Gomez de Segurak argitu duenez, beharrezko arreta eta laguntza eskainiko diete ikastetxean gelditu behar izan duten ikasleei. “Etxeratzeko garraio publikoa behar badute, antolatuko dugu eta jantokiari loturiko zerbitzurik behar badute, eskainiko diegu”.

Eskola kirolari loturiko entrenamenduak ere bertan behera utzi dituzte Kurutziaga ikastolan eta Tabiran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!