[MAPA]: Non eskuratu daitezke Durangaldeko elikagai ekologikoak?

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 23a, 09:48

Ekolurrak bilatzaile bat sareratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako produktu ekologikoen salmenta puntuak non dauden adierazita. Momentu honetan 200 salmenta-puntu baino gehiago jaso dituzte mapan, baina aurrerantzean kopuru hori handitzea aurreikusi dute. Tresna berrian, udalerrika, produktu motaren arabera edo establezimendu motaren arabera egin daitezke bilaketak.  

Irailak 23 ditu eta gaurkoa Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna da. Hori dela eta, Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, tresna berri bat aurkeztu du. Bilatzaile bat ipini dute interneten, herritarrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai ekologikoak zein lekutan eros ditzaketen jakiteko. Ekolurratik azaldu dutenez, proiektuaren helburua herritarrei "tresna praktiko bat eskaintzea" da, "ekoizle eta eraldatzaile ekologikoen produktuak kontsumitu gura dituen orok jakin dezan, era erraz eta azkarrean, elikagai hauek non topatu". 

Bilatzaileak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 salmenta puntu baino gehiago ditu momentu honetan. Ekolurrako komunikazio arloa arduratzen da tresna eguneratuta mantentzeaz, baina ekoizleak eurak dira salmenta puntuen berri eman eta informazioa osatzen dutenak. Hori dela eta, datozen hilabeteetan hiru lurraldeetako salmenta puntuak biderkatzea aurreikusi du Ekolurrak.

Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna dela baliatuta, Ekolurrak ikusgarritasuna eman gura izan dio nekazaritza ekologikoari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!