'Atxutxietako Zubia' deituko da

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 19a, 16:06

Ibaizabal gaineko pasabide berriak jatorrizko toponimoari eutsiko dio: Atxutxietako Zubia izango da. Izan ere, zubi zaharrak, kalean Deabruaren Zubia modura ezagutzen zen hark, Atxutxietako Zubia zuen berezko izen. 15 aukeren artean, iurretarrek eta durangarrek, jatorrizko izena mantentzearen alde egin dute.

Iurretarrek eta Durangarrek amaitu dute Ibaizabal gaineko pasabide berria izendatzeko parte hartze prozesua. Zubi berriak honako izen hau izango du: Atxutxietako Zubia. Eta horri eskerrak, berria den azpiegiturak toponimo zaharraren izena izango du. Aukera horrek izan du iurretarren eta durangarren babesik handiena (149 boto). Parte hartze prozesuko bost aukera nagusiak honako hauek izan dira

  1. Atxutxietako Zubia – 149 boto
  2. Deabruaren zubia – 107 boto
  3. Zubigorri – 14 boto
  4. Inpernuzubi – 13 boto
  5. Sapuzubi – 9 boto

Durangoko eta Iurretako Udalen berbetan, zubia ez da mugikortasunerako azpiegitura bat bakarrik. Herri bien arteko loturaren sinbolo ere bada. Asier Perugorria Durangoko Udaleko Herritarren Partaidetzarako zinegotziak azaldu duenez,  "zubi honek gure inguruko elementu giltzarriak definitzeko gure udalerriek elkarrekin egiten duten ahalegina adierazten du. Atxutxietako Zubiak gure historia eta nortasuna islatzen ditu, gure jendeak demokratikoki erabakita".

Zubiaren izena datozen asteetan ofizialduko dute bi udalek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!