Izan Berbalagun ala izan Mintzapraktika, Durangaldean euskara praktikatzeko kanpaina zabalik dago

Ekaitz Herrera 2024ko ira. 18a, 12:03

Zaldibarko berbalagunek egindako afari-merienda bat. (ARGAZKIA: Zaldibarko Berbalaguna)

Durangaldeko AEK-k motorrak prest ditu aurten ere Elorrion, Berrizen, Iurretan, Abadiñon eta Durangon Berbalagun taldeak aktibatzeko. Euskaltzaleen Topaguneak ere dena du puntuan, aurten ere Zaldibarko taldeak dinamizatzeko.

Berba egitea da kontua. Menperatzen duenak trebatu gura duenari laguntzea, eta trebatu gura duenak menperatzen duenari euskaraz aritzeko gune bat gehiago eskaintzea. Durangaldeko AEK-k eta Euskaltzaleen Topaguneak dena dute prest Berbalagun eta Mintzapraktika egitasmoen aro berri bat hasteko.

AEK-k azken urteotan martxan izandako herrietan mantenduko ditu Berbalagun taldeak: Elorrion, Berrizen, Iurretan, Abadiñon eta Durangon. Ohi bezala, Hiketalagun proiektuari eutsiko diote, eta ez dira faltako programaren barruan antolatzen dituzten bestelako ekintzak. Tartean, tailerrak, mendi irteerak, mintzodromoak, asteburuko egonaldiak eta udako ibiltariak. Iaz 20 bat ekintza antolatu zituzten eskualdean, eta ikasturte honetan joera horri eusteko asmoa agertu dute. Berbalagun programan izena eman gura duenak honako lotura hau du eskura: emanizena.praktikatu.eus

Zaldibarren ere dena daukate prest Mintzapraktikarako. Aurtengo kanpainan erabiliko duten mezua honako hau da: Eta euskaraz egiten badugu? Bada, esan eta egin. Izan kafetegi bat ala izan gustokoa den bestelako ekintzaren bat (yoga, kakorratza, mendia, bizikleta irteera edo mahai jolasak), zaldibartarrek esku-eskura dute mintzapraktika lantzeko aukera. Udaletik jakinarazi dutenez, eguenetik aurrera zaldibartarrek Mintzapraktikaz informatzeko eskuorriak izango dituzte eskura udaletxeko sarreran, liburutegian, tabernetan, osasun zentroan, eskolan eta supermerkatuan. Eskuorria betetzea gura duenak, aukera izango du liburutegian dagoen postontzian lagatzeko. Zalantzak argitu edo informazioa jaso gura dutenek Zaldibarko dinamizatzailearekin (Peiorekin) ipini daitezke hartu emanetan:  688722989 telefonoan edo zaldibarkoberbalaguna@gmail.com  helbidean. Horrez gainera, programan izena emateko aukera izango dute www.mintzalaguna.eus atarira joanda.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!