"Niretzako hau oso eskuzabala izan zen belaunaldi batekin bakeak egitea da; hogeita hamar urte daramatzat Durangotik kanpo, eta jada ez da nik ezagutzen nuen hori. Geroa antzerki taldeagaz hutsetik hasi ginen, ez zegoen ezer Durangon, eta hor Rosak garrantzia handia zuen", azaldu du hunkituta Obregonek. "Egin dudan lan zoriontsuenetako bat izan da hau, aurrerapauso bat", gehitu du. Ibilbide horretan Doña Elvira antzezlanean gurutzatzekoa zen Karra Elejalde (Martin Perezen papelean), baina lan kontuengatik ezin izan zuen izan. "Sorkuntza, maitasunetik edo gorrototik egiten da; zerbait maite duzulako sortzen duzu, edo zerbaiti aurka egiteko. Kasu honetan, argi da maitasuna izan dela gakoa eta hortik sortu dela lan hau", azaldu du Elejaldek berak San Agustinen egindako aurkezpenean.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Rosa Martinezek Durangon utzitako arrastoa nabarmendu du. "Oso pozik gaude anfitrioi lanak egin ahal izateaz. Antzerkia maite zuen emakume bat gogoratzeko aukera da hau".
Rosa Martinez Geroa konpainiaren funtsezko kideetako bat izan zen, eta ostean Iris ekoiztetxea sortu zuen.