Mendia Wind SL enpresak Atxondoko eta Elorrioko lurretan parke eoliko bat eraiki ahal izateko eskaria erregistratu du Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun sailean. Proiektuak Mendia 3 du izena eta Memaia mendiaren inguruan bost aerosorgailu edo errota eoliko eraikitzeko asmoa jasotzen du. Parke eolikoak 36 megawattioko elektrizitate potentzia sortuko luke.
Eusko Jaurlaritzako iturriek ANBOTOri baieztatu diotenez, enpresa promotoreak parke eolikoa egiteko baimena eskatu du Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun sailean. Tramitazio administratiboa martxan dago, beraz. Baina Jaurlaritzako iturriek ohartarazi dutenez, oraindik goiz da parke eolikoa eraikiko dela baieztatzeko ala ezeztatzeko. "Tramitazioa hasteak ez du esan nahi egingo denik edo ez denik. Parke eolikoa egingo den ala ez prozesuaren bukaeran zehaztuko da. Izan ere, hainbat fase igaro beharko ditu, hainbat txosten sektorial. Parkeak ingurumen inpaktuari loturiko azterlanak igaro beharko ditu batetik, eta elektrizitate-sare arruntera lotzeko aukerarik eskaintzen ote duen aztertu beharko da bestetik. Horrez gainera, alegazioen fasea ere badago. Momentuz, aurreratu dezakeguna da administrazioa zorrotza izango dela, prozesua berme guztiekin egingo dela eta proiektuaren geroa ez dela epe motzean ebatziko".
"Konkurrentzia fasean"
Parke eolikoa eraikitzeko bidea abiapuntuan dago, enpresen lehiakortasunari loturiko fasean. "Prozedurak agintzen du enpresa batek halako proiektu bat egiteko asmoa iragartzen duenean, lehiakortasunaren izenean, proposamen hobeak lortzearen izenean, proiektua garatzeko aukera gainerako enpresei komunikatzea. Prozesua, beraz, fase horretan dago, konkurrentzia fasean", azaldu dute Eusko Jaurlaritzako iturriek. Antzera bateko interesa duten enpresek haien proiektuak aurkezteko aukera dute momentu honetan.
Durangaldeko proiektuaz gainera, Mendia Wind enpresak antzerako beste egitasmo bat egin gura du Arratian, Dimako eta Zeanuriko lurretan, Otxandiotik gertu. Proiektu honetan 8 errota ipintzeko asmoa dago.