OPA Herri Plataformak koordinakundean batutako osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek Alberto Martinez Osasun sailburuari bilera bat eskatu diete. Plataformako kideek azaldu dute bileraren helburua beraien kezka eta eskaera nagusiak azaltzea direla. Plataforma honen barnean 17 talde daude eta horietatik hiru eskualdekoak dira: Durangoko DOPA, Berrizko Pediatria 24h eta Zornotzako ZOPA.
Horrez gain, Osasunari buruzko Euskal Ituna egiteko prozesuan aktiboki parte hartu gura dutela iragarri dute. "EAEko osasungintza publikoaren aldeko gizarte-eragile nagusia garen aldetik, uste dugu sistema horrek bizi duen egoera kritikoari erantzuna eman nahi dion akordio batek nahitaez eskatzen duela eremu honetan aktiboenak diren herritarren sektoreek parte hartzea. Ulertezina, onartezina eta jarrera demokratiko eskasaren erakusle izango litzateke Osasunari buruzko Euskal Ituna egitea herri plataformen parte-hartzea baztertuz", azaldu dute.