Durangon, Zornotzan, Elorrion eta Bizkaiko beste hainbat herritan arrakala digitala murrizteko prestakuntza tailerrak egin ditu Aldundiak

Anboto 2024ko abu. 9a, 11:54

Lehenengo fasean bederatzi udalerritan izan dira eta 230 pertsona baino gehiago bertaratu dira Adiskidetza Digitala programaren tailerretara. Programa horrek irailetik urte amaierara arte izango du jarraipena, prestakuntza-jarduera berdinekin beste hiru eskualdetako bederatzi udalerritan.

230 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Bizkaiko Foru Aldundiak Adiskidetza Digitala proiektuaren barruan antolatu dituen lehenengo prestakuntza-tailerretan. Proiektua Bizkaiko bederatzi udalerritan garatu da, eta helburua da adinekoen kolektiboaren arrakala digitala murriztea eta digitalizazioaren abantailak herritar guztiengana iristea. 

Lurraldeko hainbat tokitan egin diren lehenengo prestakuntza-saioak smartphonea erabiltzen hasteko tailerrak izan dira, adinekoek telefono mugikorra behar bezala erabiltzen ikas dezaten eta egunez egunekoan aplikatu dezaten. Tailerretan parte hartzeko ez zen beharrezkoa aldez aurretik ezagutzak edukitzea, hastapeneko oinarrizko informazioa baita. 

Prestakuntza-ekintza horiek Durangaldeko hiru herritan egin dira: Durangon, Zornotzan eta Elorrion; baita Uribe Kostan (Mungia eta Sopela) Arratia Nerbioin (Igorre eta Urduña) eta Enkarterrietan (Balmaseda eta Karrantza) ere.

Ager Izagirre Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua pozik agertu da programak izan duen harreragatik: "Eraldaketa digitaleko prozesu batean gaude, non Bizkaia berrikuntza eta teknologiako erreferente bihurtu nahi den; prozesu horretan ziurtatu behar dugu aurrerapen horrek kolektibo guztiak barne hartzen dituela, betiere herritarrak gure ekimenen erdigunean jarrita".

Irailetik aurrera eta urtea amaitu arte, prestakuntza-tailerrak beste bederatzi udalerritan ere egingo dira, hiru eskualdetan banatuta: irailetik urrira bitartean, Busturialdean (Gernika eta Bermeo) eta Lea-Artibain (Markina, Ondarroa eta Lekeitio), eta azaroan eta abenduan, Bilboko metropolialdean, zehazki, Getxon, Galdakaon, Ortuellan eta Bilbon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!