Hedabideen mundua etenbako aldaketa fase bat bizitzen dabil. Digitalizazioak eta sare sozialek guztiz aldatu dute komunikazioaren paradigma. Mugikorretan geroago eta informazio gehiago kontsumitzen da. Inoiz baino informazio gehiago zabaltzen ari den momentua bizitzen gabiltza. Baina, era berean, desinformazioa geroago eta handiagoa da. Ekosistema berri honetan, paperezko edizioek egoera honetara moldatu behar izan dute eta ANBOTO ere ez da salbuespena izan. Hartara, gaur kaleraturiko edizioa beharrizan berriei erantzutera dator. Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak dioenez, edizo berri hau "aldizkariagoa" da.
Harpidedunek aldaketa handia igarriko dute gaur postontzira doazenean.
Bai, formatu aldaketa ez da ustekabean pasatuko. Paperezko edizioa "aldizkariagoa" dela ikusiko dute. Era berean, diseinu eta pieza aldetik aberatsagoa ere bada. Aurrerapauso handia suposatzen du erredakzioan.
"Apustu honegaz, paperezko edizioa berritu eta indartu gura izan dugu"
Zergaitik erabaki duzue horrelako aldaketa bat egitea?
Apustu honegaz, paperezko edizioa berritu eta indartu gura izan dugu. Mugikorrek eta sare sozialek informazioa kontsumitzeko modua aldatu dute. Joko arau berri horietan, paperezko edizioak birkokatu egin behar dira. Gure kasuan ere, anboto.org webgunean informazioa uneoro zabaltzen dugu, eta astean behin kaleratzen dugun paperezko edizioak beste eskaintza bat egin beharra dauka. Aktualitateagaz lotuta egon behar da, baina baita sakontasunagaz ere. Tokiko euskarazko hedabideok, generalistekin alderatuta, paperari eusten gabiltza oraingoz. Baina eskaintzen ditugun produktuek erakargarriak izan behar dute. Testuinguru horretan egin dugu formatua aldatzearen aldeko hautua.
Zergaitik formatu hau?
Goiena aldizkariaren formatua gogoko genuen, aldizkari itxura hori gustatzen zitzaigun, ertzak margenetara doituta. Eurekin hartu-eman estua dugu Tokikomen bitartez (euskarazko tokiko hedabideen bateragunea), eta prozesu honetan laguntzeko eskatu genien. Laguntasun handia eman digute. Gainera, edizio sistema bera erabiltzen dugunez, teknikoki erraztasunak izan ditugu.
Anbotoren bilakaera.