Zenbaki borobilek badute euren sinbologia eta balioa. Kasu honetan, ANBOTO zenbaki potolo batera helduko da: milagarren alera. 2001eko azaroaren 9an bere lehenengo alea kaleratu zuenetik, astero bere publikazioa postontzietara helaraziz, mugarri horretara heldu da txiri-txiri.
Baina horrelako lorpen bat ez da besterik barik gertatzen. ANBOTO puntu honetara heldu bada, hainbat pertsonari eskerrak izan da. Zelan ez, proiektuaren sortzaileek izan zuten prestutasuna ezinbestekoa izan zen hedabidea martxan ipintzeko. Eskualdeko euskara elkarteek bultzada eman zioten proiektuak bazuen aurrekaria: Eraz aldizkaria. Debagoienako Goiena komunikazio taldearen proiektua begiz jota zuten eta egunkari formaturako jauzia egin zuten. Harrezkero diseinua aldatu den arren, formatua ez.
Euskara elkarteek sustaturiko ekimena hazten joan da urte hauetan guztietan. Webgunea sortu zen, eta gero sare sozialak ere etorri dira.
Ale berezia
1.000. alea gogora ekartzeko, ANBOTOk ale berezia kaleratuko du azaroan. Ibilbide honetan komunikazio proiektuak aurrera egiteko euren ekarpena egin dutenak izango dira protagonista: irakurleak, iragarleak, kolaboratzaileak, instituzioak, lantaldea, langile ohiak eta beste hainbat eta hainbat lagun.