Junior mailako ziklista onenak Durangaldeko errepideetan ibiliko dira Bizkaikoloreak lasterketan

Joseba Derteano 2024ko uzt. 9a, 15:19

Antolatzaile, babesle eta ziklistak gaur Iurretako udaletxean egindako aurkezpenean.

Uztailaren 20an eta 21ean bosgarren aldia egingo du UCI mailako Bizkaikoloreak txirrindularitza lasterketak. Lau selekzio daude parte hartzaileen artean.

Junior mailako txirrindularirik onenak Durangaldean errepideetan ibiliko uztailaren 20tik 21erako asteburuan, Bizkaikoloreak probaren barruan. 

Lasterketa etapa bik osatzen dute eta ibilbideak Durangaldeko errepideetatik dira. Urtetik urtera ibilbidea apur bat moldatu egiten dute Gallanda elkarteko antolatzaileek eta aurtengoak ere baditu bere berezitasunak, batez ere, bigarren etaparen amaieran.

Lehenengo etapa, uztailaren 20an, 16:30ean hasiko da, Abadiñon. Ziklistek hiru bider egingo dute Miotako itzulia (70 km) Abadiñon, Zelaietan, helmugaratu aurretik. Domekan, 11:00etan, Iurretan hasiko den etapa gogorragoa eta bost kilometro luzeagoa da. Etapako lehen zatia laua da Zornotza ingurutik, baina azken txanpan hiru mendate kateatuko dituzte: San Trokaz, Zengotita eta Goiuria. Azken mendate horretan egongo da helmuga, Ikuspegi jatetxearen ondoan. Beraz, aurtengo aldia mendate batean amaituko da.

UCI mailako lasterketa denez talde juniorrik onenak etorriko dira; 28 talde, guztira. Euretako lau selekzioak dira: Frantzia, Alemania, Norvegia eta Belgikakoak, hain zuzen. Taldeei dagokienez, Erresuma Batuko hiru talde, eta, Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako eta Italiako talde bana etorriko dira, besteak beste. Normala den moduan selekzioak izango dira talderik indartsuenak, herrialde bakoitzeko txirrindulari onenak batzen dituztelako, baina Erresuma Batuko hiru taldeen maila ere azpimarratu dute antolatzaileek. 

Gery eta Ferguson, faborito

Bizkaikoloreak irabazteko faborito nagusien artean iaz podiumean izan ziren gazte bi daude: Célia Gery frantziarra eta Cat Ferguson britainiarra daude. Gery goi mailan dabil aurten: Flandriako tourra irabazi du eta Frantziako nahiz Europako txapelduna da, beste lorpen batzuen artean. UCIren rankingeko liderra den Ferguson Erresuma Batuko txapelduna eta munduko azpitxapelduna da. Bi txirrindulariek norgehiagoko bat baino gehiago izan dute aurten. Esaterako, Flandriako tourrean Gery esprintean nagusi zitzaion Fergusoni. 

Euren atzetik izen gehiago nabarmendu daitezke, tartean euskaldunak. Paula Ostiz nafarra da euretako bat. Joan zen asteburuan Espainiako errepideko eta mendiko txapelketak irabazi zituen Avilesen (Asturias). Eskualdeko ziklistei dagokienez Laida Hierro durangarra arituko da. Avilesen brontzezko domina irabazi zuen Espainiako errepideko txapelketan eta sasoi onean dagoela erakutsi zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!