Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin diote hainbat euskal pilotarik eta ofizialtasuna aldarrikatu dute

Anboto 2024ko uzt. 1a, 09:43

Hendaian (Lapurdi) egindako agerraldia.

Zapatuan agerraldia egin zuten Hendaian.

Abuztuan Munduko Euskal Pilota Txapelketa berri bat hartuko du Euskal Herriak: 22 urtez azpikoa, abuztu amaieran Iruñean egingo dena. Euskal pilotariek Espainiako selekzioarekin edo beste batekin jokatu behar dute, euskal selekzioa ez delako ofiziala. Hainbat pilotari ez daude hori egiteko prest eta zapatuan agerraldia egin zuten Hendaiako (Lapurdiko) Ugarte Beltzenia pilotalekuan Espainiako eta Frantziako selekzioei uko egiten dietela adierazteko. Baita euskal selekzioa aldarrikatzeko ere.

Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak deituta, pilotariek babes zabala jaso zuten. Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin dioten hainbat pilotari eta pilotari ohi batu ziren, besteak beste. Eskualdeko pilotariak ere izan ziren, Asier Aspuru abadiñarra, esaterako. Denek familia argazki bat atera zuten amaieran Ez Frantzia ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da! zioen pankartaren atzean.

Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko manifestua irakurri zuten agerraldian. "Gu ez gara frantziarrak eta ezta espainiarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik. Ondorioz, ekarpen pertsonal gisa, bi selekzio horiei uko egitea erabaki dugula jakinarazten dugu", jasotzen du manifestuak. Horrez gainera euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde lan egitera deitu dituzte askotariko eragileak. "Dei zabala egiten dugu hemendik pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen orori elkarlanean eman ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!