Berrizko eta Garaiko alkateek anbulatorioko profesional kopurua "albait arinen leheneratzea" eskatu diote Osasun sailburuari

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 1a, 09:03

Berrizko Orland Isoird eta Garaiko Erramun Osa alkateek hiru eskari barnebiltzen dituen gutuna helarazi diote Alberto Martinez Osasun sailburu izendatu berriari. Berrizko anbulatorioko profesional kopurua "albait arinen leheneratzea", Garaiko osasun arreta berrezartzea eta bilera bat eskatu diote.

Alkate bien iritziz, Osakidetzak gaur gaurkoz Berrizko anbulatorioan eskaintzen duen zerbitzua "kezkatzeko modukoa" da, "milaka pertsona artatu behar dituen" osasun zentroak "egun esleituta dauzkan baliabideak nahikoak ez direlako kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzeko". Hiru medikuetatik bakarra geratu da, eta egoera "nabarmen eskastu" dela iritzi diote Orland Isoirdek eta Erramun Osak. Gaineratu dutenez, egoera horrek inguruko beste osasun zerbitzu batzuetara joatera "behartu" ditu udalerri bietako herritarrak.

Hori guztia dela eta, hiru eskari barnebiltzen dituen gutuna helarazi diote Alberto Martinez Osasun sailburu izendatu berriari. Batetik, "Berrizko anbulatorioan duela gutxira arte egon den profesionalen kopurua albait arinen leheneratzea, anbulatorioak ematen duen zerbitzua albait arinen normaliza dadin". Bestetik, orain arte karguan egoniko Gotzone Sagardui sailburuak harturiko "konpromisoaren ildoan, Garaiko osasun-zerbitzua berrezartzeko urratsak egitea". Eta azkenik, "proposatutako gaiei erantzuteko egingo diren urratsez berba egiteko batzarra" eskatu diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!