Itxaroten zenuten finalista izatea?
MAX saria antzerkigintzan dagoen saririk handiena da estatuan, eta
ez genuen uste finalista izatera helduko ginenik, batez ere kontuan hartuta hiru urte eskas dituen konpainia garela. Pentsa, 200 bat lan aurkeztu dira aurten, eta horietariko hamar baino ez dira izaten hautagaiak (Tarzan horietariko bat izan zen). Jaialdietan-eta irabazi ditzakezu sariak, baina honen gainetik ez dago ezer. Ikuskizun biak hautagaien artean izatea itzela izan zen, baina hau sorpresa ikaragarria izan da. Egindako lanari aitortza bat dela uste dut, izan ere, ikuskizunak oso ondo funtzionatu du Euskadin; ikusleei zein programatzaileei asko gustatu zaie. Horixe izan da gakoa, ze konpainia modura ez gara oso ezagunak. Egin dugun bira izugarriari urrezko amaiera ematea izango da; 65 emanaldi egin ditugu urte eta erdian, kontuan izanda ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean ia ez dela programatzen antzokietan. Errespetu handia diet finalera heldu diren beste konpainia biei, La Maquiné eta Engruna Teatre, eta saria den sagarra Durangaldera ekartzea oso gatxa izango da, baina hor egonda bakarrik langa oso goian utzi dugu.
Aitortza honek zer suposatzen dio konpainia berri bati?
Heltzea bakarrik itzela da. Gure konpainiaren izena telebistan agertzen dabil, sare sozialetan gure jarraitzaile kopurua handitu egin da... Aurrera begira ere, orain arte itxita eduki ditugun ate batzuk zabalduko dizkigu, ziur. Hala ere, gu oso exijenteak gara gure lanagaz, eta exijentzia maila hori hobetzeko ere balioko digu. Gurea konpainia berria da, baina gu ez gara berriak mundu honetan, eta, azken finean, sari honegaz lan hori aitortzen ari dira. Honek indarra ematen digu Arrainak bihotzean lanagaz bira egiten jarraitzeko ere. Gainera, ahalik eta jenderik gehienak ikustea gura dugu, baita estatuan ere. Kanaria Uharteetara joango gara, eta baita Andaluziara ere. Urritik aurrera beste 50 bat emanaldi ditugu lotuta hemen eta estatuan.
Lan berria prestatzen zabiltzate.
Bai, Elara, bidaia bat izarretara deituko da. Otsailaren 9an estreinatuko dugu, Barakaldo Antzokian, eta 30 bat emanaldi ditugu lotuta. Sortze prozesuan murgilduta gaude orain.