LGTB komunitateak kalera irtengo du, Durangaldea identitate disidenteentzako eremu bizigarria izan dadin aldarrikatzeko

Ekaitz Herrera 2024ko eka. 26a, 16:16

Durangoko Bilgune Feministak 'Irakurtaldi Feminista' egingo du bihar, 19:00etan, Intxaurre aurrean. Barikuan,  Durangoko Kuir Eztanda kolektiboa eta Abadiñoko LGTB mugimendua Traña-Matienako kaleetan manifestatuko dira, 19:00etan. Gauean, Akelarrea egingo dute Isiotun. Bestalde, eskualdeko udalek hainbat ekitaldi antolatu dute Harrotasunaren Nazioarteko Egunagaz bat eginda.

Harrotasunaren Nazioarteko Egunagaz bat eginda, Durangaldeko LGTB komunitatea kalera irtengo da barikuan "egunerokotasun bizigarri bat berma dezaketen sareen bila". Diotenez, "gauzak ez dira hainbeste aldatu" azken hamarkadetan, eta komunitateko hainbat kidek "oraindino ere kostata" izan dezakete "bizitza duin bat" eskualdeko herrietan. Euretariko asko oraindino "armairu barruan" bizi direla diote, "bizirik irauteko edo". Horrez gainera, hainbat dira "hirietara alde egiteko beharrizana" sentitzen dutenak. Hau da, komunitateko hainbat kide sexilio edo sexerbeste modura ezagutzen den hori egitera behartuta sentitzen dira oraindino ere: identitatea askatasun handiagoz bizi ahal izateko landa eremutik hiriguneetara alde egin behar izate horretara. Horiek guztiak kaleratzeko helburuz, Durangoko Kuir Eztanda kolektiboa eta Abadiñoko LGTB mugimendua Traña-Matienako kaleetan manifestatuko dira. Mobilizazioa 19:00etan hasiko dute, Laboral Kutxa paretik. Manifestazio amaieran, musika jartzaileak egongo dira eta afari-merienda egingo dute Pino plazan. Gauean, 22:00etan, jaia egiteko ordua izango dute. Akelarre transmaribibolloa egingo dute Isiotu Kultur Elkartearen tabernan. Drama Darama taldeko musika jartzaileak, karaokea eta photocalla izango dituzte.

Ekitaldiak eta instituzio publikoen babes zabala

Durangaldeko udalek bat egingo dute Ekainaren 28agaz. Eskualdeko herri askotan adierazpen instituzionalak irakurriko dituzte, eta hainbat izango dira Durangaldeko herrietan programaturiko ekitaldi kulturalak. 

Ekainaren 27a, eguena

ABADIÑO

  • 18:00 De Norte a Sur dantza taldearen saioa LGTBIQ+ eskubideen alde. Pino plazan

DURANGO

  • 19:00 Bilgune Feministak antolaturiko Irakurtaldi Feminista. Intxaurre tabernaren aurrealdean.
  • 20:00 Zinegoak film laburren zirkuitua Plateruena Kultur aterpean. Honako film hauek eskainiko dira: Mating, Dena Asmatuta Dago, Analog Z Love, Precoz, Flores de Otro Patio eta La Tentación de Panda Roux. Precoz film laburraren zuzendariak, dinamizatuko du zabalkundea, eta bere esperientziak eta ikuspegiak partekatuko ditu bertaratutako publikoarekin.

IURRETA

  • 16:00-19:00 Ibarretxe Kultur Etxearen atzeko eskailerak ostadarraren koloreekin margotzeko ekintza parte-hartzailea. Hiru txanda antolatuko dituzte.

Ekainaren 28a, barikua (Harrotasunaren Nazioarteko Eguna)

DURANGO

  • 12:00-14 / 17:00 - 19:00 LGTBIQ+ jokoak Tabirako igerilekuan, bereziki gazteei zuzenduta.
  • 17:00 Kuir Eztanda kolektiboak kalejira-poteoa egingo du udaletxeko plazatik Traña-Matienara

ABADIÑO

  • 19:00 Lumak astinduz, Durangaldean Harro! Manifestazioa Trañabarren kaletik hasita, Kuir Eztandak eta Abadiñoko Mugimendu transmaribibolloak deituta. Bukaeran, musika eta afari-merienda herrikoia Pino plazan.
  • 22:00 Akelarre Transmaribibolloa Isiotu Kultur Elkartearen tabernan: Dramadarama DJak, karaokea eta photocalla.

ELORRIO

  • 19:00 LGTBIQA+ bandera igoko dute udaletxearen aurreko mastan. Ondoren, Batukimba Drag ikuskizuna

IURRETA

  • Iurretako Udalak LGTBIQ+ bandera ipiniko du udaletxean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!