Durangaldeari buruzko 25 dokumental eta erreportaje sareratu ditu Gerediaga elkarteak Garaia biltegian

Anboto 2024ko eka. 24a, 18:00

Garaia Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegira Durangaldeari buruzko 25 dokumental eta erreportaje gehitu ditu Gerediaga Elkarteak. Besteak beste, Txelu Angoitiaren Trenak ekarritakoak, Bideografikek ekoiztu eta Jone Guenetxeak zuzendutako Jantzari, Juanjo Lopezek grabatutako Elorrioko lehen aldiak, Julen Orbegozok zuzendutko Atearen ostean, Mañariko 13 alabak edota Labayruk jasotako Berriz, metalez eta ekinez hazia sareratu dituzte. 

Gerediaga Elkarteak Garaia ikus-entzunezko biltegia martxan jarri zuen otsailean, eskualdeko memoria eta ondarea jasotzeko eremuan ekarpena egiteko asmoagaz. Oraingo hau, sortu duten atal berria da. "Garaiak ondare guzti hori batu eta babesteko balio du, sasoi batean uzta gordetzeko erabiltzen ziren garaien antzera. Biltegia amaigabea izatea da asmoa. Plataforma hau herritarren eta eragile ezberdinen eskura egotea nahi dugu. Horregaitik, Durangaldeari buruzko edozein dokumentalek edo erreportajek izango du lekua. Jaso eta digitalizatu ahala, handitzen joango da biltegia herritar eta eragileen partehartzearekin", azaldu dute Gerediagatik ohar baten bidez. Lanak VHS, Beta eta formatu zaharragoetatik ere digitalizatu ditu Gerediagak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!