Mundu zabaleko gerrak amaitu daitezen eskatzeko gurari modura. Halantxik aurkeztu dute egitasmoa Errota Eguneko Zentroko eta Herria Auzo Elkarteko kideek. Alde biek urteak daramatzate Otamotzena auzoko San Joan bezperako sua antolatzen. Gorabideko erabiltzaileak sutan erreko den figura egiteaz arduratzen dira urtero-urtero. Eta aurtengoa ere prest dute. Tanke bat. Ibilgailu eta arma beliko hori sutan kiskaliko dute mundu zabaleko gerrak amaitu daitezen eskatzeko.
Aste Santutik hona ibili dira tankea prestatzeko lanetan. Apurka-apurka joan dira materiala batzen eta prestatzen. Muntatu dituzte piezak, margotu dute tankea. Eta prest utzi dute, sugarrek atal oro irentsi ditzaten. Errota zentroko eta Herria Auzo Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, "prozesu neketsua baina atsegina" izan da. Nabarmendu dutenez, "zentroko pertsona guztiak inplikatu dira, bakoitza bere estilo pertsonalarekin, bakoitzaren potentziala eta balioa, ilusioa" tresna modura erabilita.
Esan bezala, honako hau ez da Gorabidek eta Herria Auzo Elkarteak elkarlanean egiten duten San Joan sua. Izurri garaian, koronabirusa irudikatzen zuen figura bat erre zuten sutan.
Tankearen eraikuntza jasotzen duen argazki erakusketa Otamotzenako auzogunean ipini dute ikusgai.