“Ez da kasualitatea ezker independentistaren gorakada betean isun hau heltzea”

Aritz Maldonado 2024ko eka. 17a, 08:00

Ernai gazte antolakundeak oraintsu salatu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ia 300.000 euro eskatu dizkiela isunetan; iazko irailaren 22ko ekimen bitan 133 gazte identifikatu eta gero, 1.500etik 2.500 eurora bitarteko isun bana heldu zaie gazte horiei; guztira, 290.500 euro; Durangaldeko hamabost lagunek ere jaso dute isuna; tartean, Amaia Arbeo durangarrak eta Julen Añibarro zornotzarrak. Ernai "ekonomikoki itotzeko eta bere jardun politikoa deuseztatzeko" saiakera bat dela salatu dute. Erantzun kolektiboa emango dutela adierazi dute, eta, horrez gainera, kanpaina ekonomiko bat ere ipini dute martxan.

Noiz izan duzue isunaren berri?

Julen Añibarro: Orain hilabete heldu zitzaigun. 2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen kartzelaratzea salatzeko egindako dinamikengaitik heldu dira. Bilbon eta Gasteizen ekimen bana egin zen, eta Ernaiko 133 militante identifikatu zituzten; tartean, Durangaldeko hamabost. Segurtasun Sailaren bitartez heldu dira isunok, mozal legea aplikatu eta gero. Gure ustez, isun hauen helburua Ernai ekonomikoki itotzea eta bere jardun politikoa deusestatzea da. Herri mugimendua urteetan jazarri dute, eta kasu honetan Ernairi tokatu zaio.

Amaia Arbeo: Hainbat ekimen egin zen Aitor eta Galder espetxeratzearen harira, eta oraindino horietariko baten harira jarritako isunen zain gaude. Jaso ditugun isunen kasuan, ez genuen uste hain handiak izango zirenik. Mozal legeagaitik jasotzen diren isunak 600 euro ingurukoak izaten dira, eta, gainera, protestaren arduradunak identifikatzen dituzte; kasu honetan, dimentsio neurrigabea hartu du, parte hartu genuenok banaka identifikatu gintuzten eta. Aipatu beharra dago EAEn mozal legea ez ezartzea adostu zen arren, milaka bider aplikatu dutela 2015etik. 

Zergaitik isun hauek orain?

J. A.: Gure proposamen politikoa deserosoa da haientzat. Ez da kasualitatea ezker independentista goraka doan momentu honetan horrelako isun bat heltzea. Beldurretik erantzun dute, moduren batean gure militantzia bertan behera uzteko.

A. A.: Geroago eta militante independentista gehiago gaude, eta Europako hauteskundeetan EH Bilduk lortu dituen emaitzak hor daude. Gure proiektu politikoa ere geroago eta gehiago dabil zabaltzen gazteen artean, eta  mekanismo errepresiboaren hautua egin dute hori deuseztatzeko. Errepresio horri erantzun kolektiboa emango diogu: helegiteak banaka aurkeztuko ditugu, baina gazteria aktibatzeko modu baten pareko ere ulertuko dugu erantzuna. Pedagogia independentista gehiago egingo dugu, kikildu beharrean, anbiziotik.

Kanpaina ekonomikoa ipini duzue martxan.

A. A.: Luzera begirakoa izatea aurreikusten dugun dinamika bat ipini dugu martxan, isun hauez gainera beste batzuen zain ere bagaudelako. Pozik gaude kanpaina honen hasierak izan duen oihartzunagaz.

J. A.: Helburu bigaz hasi dugu kanpaina hau. Alde batetik, laguntza ekonomikoa eskatzeko. Kontu korronte zenbaki batera egin daitezke dohaintzak, eta aurrerago jaialdi bat egiteko asmoa ere badugu, eta merchandisinga ateratzeko ere bai, besteak beste. Bestalde, dinamika honegaz pedagogia independentista ere egin gura dugu, dugun indarra azpimarratzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!