66 urteko pertsona bat hil da Mugarra mendian

Anboto 2024ko eka. 13a, 20:31

Aurkitu dutenean "bizitzarekin bateraezinak ziren lesioak zituen, antza, eroriko baten ondorioz", informatu du Ertzaintzak ohar batean.

18:00 pasatxoan, pertsona batek SOS Deiak 112 zerbitzura deitu du, senide bat gaur goizean mendira joan eta ez dela itzuli jakinarazteko. Deitzaileak kontatu duenez, aktibatuta zuen bilatzaileak adierazten zuen bi ordu baino gehiago zeramatzala geldirik, eta, gainera, ez zien erantzuten ez deiei eta ez mezuei, Ertzaintzak ohar batean informatu duenez.

Suhiltzaileak eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatea bertaratu dira, eta, 19:00 baino lehentxoago, mendizalea Mugarra mendiaren inguruan aurkitu dute. "Zoritxarrez, bizitzarekin bateraezinak ziren lesioak zituen, antza, eroriko baten ondorioz", oharrak zehazten duenez.

Hildakoa helikopteroz eraman dute Ertzaintzaren Iurretako egoitzara, eta handik Auzitegiko Patologia Zerbitzura eramango dute autopsia egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!