Domeka honetan Europako Mendietan hil ziren erreskate taldeko kideak omendu dituzte. Covadongako lakuaren ertz batean dagoen oroigarrian egin zuten ekitaldia. Bertan izan ziren Euskadiko Erreskate Txakurren Taldeko kideak, Asturiasko Erreskate Txakurren Unitateko kideak eta ezbeharrean hildakoen Durangaldeko senitartekoak eta lagunak. Hitz hartzea egin zuten lehenengo, eta hiru-lau minutuko isilunea gero. Gainera, omenaldian, aurten hildako Gotti Greiner omendu dute, urte askoan erreskate txakurrak eta gidak hezten ibilitako kide prestigiotsua. Greinerrek berak ekarpen garrantzitsua egin zion Euskadiko Erreskate Txakurren Taldeari. Omenaldiari luntx txiki batekin eman zioten bukaera.
1987ko ekainaren 12an Durangaldeko lau herritar hil ziren Covadongako lakuetatik gertu, han inguruan galdutako ume bat topatzeko lanetan zebiltzala. Erreskate lanetan zebilen helikopteroak Sohornin tontorra kolpatu zuen lehenik, eta Covadongako lakuen ondoko errepidera jausi zen gero. Istripuan lau lagun hil ziren. Hiru elorriar eta garaitar bat.