'Ni', 'zu' eta 'gu'. Ale honetan pluralean berba egiten duzue berriro. Zergaitik?
Irati Eguren: Komikiaren edo ilustrazioaren bueltan genbiltzan emakume talde bat batzen hasi ginen 2016an, ikusita euskaraz komikigintza oso modu tradizionalean publikatzen zala eta bertako kontakizunak erdigunean zeudela. Frantziako eta beste herrialde batzuetako egiteko moduaren falta igartzen genuen, eta hori euskarara ekarri gura genuen. Beraz, komiki liburu bat egitea pentsatu genuen, baina, bakarra egin barik, euren artean lotura izango zuten hiru egitea. Ni, zu eta guari buruz berba egiteko oso gai orokorrak direla ikusi genuen, eta horrek aukera ematen zuela ertz desberdinetatik lan egiteko. Gura horrela heldu gara, eta honegaz ziklo bat ixten dugu. Liburu komiki formatu honi amaiera eman diogu. Marrazkilarion lana nahiko bakartia izaten da, eta baldintza kaskarretan lan egiten dugu; beraz, gure beste helburuetariko bat gure lana duintzea zen, batzea, elkarregaz berba egitea. Baina liburu hauek hemengo potentzial guztia erakusteko ere badira. Orain beharbada gehiago nabarmentzen da ilustratzaileon lana, baina batzen hasi ginenean ez hainbeste. Eta pozgarria da guk gure aletxoa ipini ahal izatea. Guztira, 50 bat egilek parte hartu dugu hiru aleetan.
Zein izan da bakoitzaren ekarpena?
Usue Egia: Lehendik ezagutzen nuen Tupust eta ilusio itzela egin zidan emakumeen lanak batzen dituen lan kolektibo honetara nire ekarpena egin ahal izateak. Komikigileen munduan sartzea gatx ikusten nuen, batez ere gizonezkoena izan delako beti. Nik emakumeek idatzitako istorioak ere irakurri izan ditut; orduan, hori badago eta horren parte izan ahal banaiz, ezin dut gehiagorik eskatu. Gu hori dena jasotzen duen gaia iruditzen zait. Gainera, gonbidapena jaso nuenean obsesionatuta nengoen niaren gaiagaz, zerk egiten nauen ni, zergaitik naizen ni, eta hausnarketa horiek komikira eramaten ahalegindu naiz.
I. E.: Ni ilustraziotik nator komitik baino gehiago, eta esango nuke esku artean izan ditudan komikiekin identifikatu ez naizelako izan dela. Baina proiektu honetan sartzeko eskatu zidatenean, haurdun nengoen eta bertigo itzela sentitu nuen. Ni gaia erronka ikaragarria zen nire erabaki horretan; gainera, komiki mutuan, alde poetikora jotzen. Bigarrena ere nire alabagaz lotu nuen, eta Mara alabak nire gorputza zelan erabiltzen zuen eta bere territorio zelan bilakatzen zuen irudikatu nuen. Hirugarren honetan, ezinbestean, gu horretan jarraitu dut ama-alabaren arteko distantzia hori, pertsonak garela eta hori ere ederra dela, prozesu hori aldarrikatzea polita dela, ni ni naizela, eta bera bera dela. Hirugarren honetan ia ez dut parte hartu, lan kontuengaitik. Kolore morea eta horia aukeratu dituzue.
I. E.: Hogeita piko egile batu gara, beharbada komikigintzan hain ohikoak ez diren teknikak erabiltzen, collage digitala edo akuarela adibidez, eta pot-pourri horretan gai zabal bat edukitzeak eta estetikoki kolore bitara mugatzeak koherentzia bat eta kohesio bat ematen dizkio guztiari. Beti aukeratu izan ditugu kontrakoak diren kolore bi, kontrastea sortzeko.
U. E.: Urdina eta laranja izan ziren bigarrenean, eta lehenengoan gorria eta berdea. Izaera bat ere ematen dio lanari. Orain arte ikusi ez diren kontakizun horiek plazaratzeko aukera ona da, batez ere.
Komikigintzan, bertsolaritzan, musikan,... orokorrean emakumeen parte hartzeak gaitegia aldatu du?
I. E.: Gazteagoa nintzenean, komikigintza oso akziozkoa zen eta protagonistak gizonezkoak ziren. Gatxa zen bertan islatzea, eta hori arlorik gehienetan gertatzen zen. Orain ere gertatzen da hori, baina edizio alternatiboetan edo. Orain aukera gehiago dago eta badago beste era bateko komikigintza bat.
U. E.: Txikitan Tintin, Asterix eta Obelix irakurtzen nituen. Gero irakurtzeari utzi nion eta amak emakume batek idatzitako autobiografia oparitu zidan. Hor ikusi nuen beste kontu bat zela hori. Niretzat garrantzitsuak ziren gaiak aipatzen zituen, eta beste autore batzuk interesatzen hasi zitzaizkidan. Horrek jarraitzeko gogoa eman dit, eta lotsa kentzen lagundu. Esango nuke aldatu egin dela, bai. Oraindino Euskal Herrian beharbada ez hainbeste, baina badabil bere lekua hartzen.