Aitor Romero garaitarra eta Marina Valverde durangarra Espainiako Kickboxing Txapeldun geratu dira

Anboto 2024ko eka. 3a, 10:11

Aitor Romero eta Marina Valverde urrezko dominak jantzita.

Guadalajaran lehiatu dute txapelketa.

Asteburuan Espainiako Kickboxing eta Muay Thai Txapelketa lehiatu dute Guadalajaran (Gaztela-Mantxa). Bertan Indar Xsport eta Laureano Fight Team taldeetako hainbat borrokalari aritu dira, Euskadiko selekzioa ordezkatuz. Guztira sei domina irabazi dituzte.

Aitor Romero garaitarra eta Marina Valverde durangarra Espainiako txapeldun geratu dira Lowkick eta K1 Light modalitateetan, hurrenez hurren. Valverdek Kick Light modalitatean ere parte hartu du eta munduko txapeldunak kanporatu du final laurdenetan.

Ander Sanchez berriztarrak eta Celia Oliveira elorriarrak zilarrezko dominak jantzi dituzte Muay Thai eta K1 Light modalitateetan. Oliveirak brontzezko domina bat ere irabazi du Kick Lightean. Azkenik, Patricio Bini arrasatearrak brontzezko domina irabazi du Full Contactean. Dani Calvo durangarra, berriz, final laurdenetan kanporatu dute.

"Urtetik urtera maila handiagoa dago Espainiako txapelketan eta zailagoa da dominak irabaztea, baina esfortzuari eta konstantziari esker lorpen handiak lortu ditugu azken urteetan", adierazi dute klub bietako ordezkariek.

Celia Oliveirak zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi ditu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!