[BIDEOA]: Iurreta eta Durango arteko zubi berria, zabalik

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 28a, 14:20

Pasabide zaharra Deabruaren zubia zen, baina gaur inauguraturikoak ez du izenik. Oraingoz. Durangoko eta Iurretako Udalek aurreratu dutenez, parte hartze prozesu bat egingo dute bizilagunek azpiegituraren izena erabaki dezaten.

Lau hilabete inguru iraun duten obrak atzean utzita, Ibaizabal gaineko pasabidea zabalik dago Iurreta eta Durango ostera ere lotzeko helburuagaz. Udal arduradunek eta zubia eraikitzeaz arduraturiko Altuna y Uria eraikuntza enpresako ordezkariek gaur inauguratu dute azpiegitura berria. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak adierazi du "egun garrantzitsua" dela gaurkoa. Pasabide berria "azpiegitura bat baino gehiago" dela adierazi du, horrek "Iurretaren eta Durangoren arteko elkarlana irudikatu eta loturak ere indartzen dituelako". Iurretako alkate Oskar Koka "oso pozik" agertu da azpiegitura berriagaz. "Oinezkoentzat zein bizikletentzat baliagarri" dela azpimarratu du, eta gogoratu du bertatik modu zuzenean iritsi ahal dela Zornotzara arte doan Bizipistara. Altuna y Uria enpresako Laura Gil eraikuntza zuzendaria "harro" agertu da azpiegiturak udalerri biei begirako mugikortasuna eskainiko duelako.

Azpiegitura berria 45 metro luze da eta corten izeneko altzairu materialagaz dago egina. "Korrosioari eusten dion materiala da, iraunkorra denboran. Horrek berrikuntzarekiko, jasangarritasunarekiko eta irisgarritasunarekiko dugun konpromisoa adierazten du", Altuna y Uria enpresako arduradunen arabera.

Izena, erabakitzeke

Ibaizabal gaineko garai bateko pasabidea Deabruaren zubia lez ezagutzen zen iurretarren eta durangarren artean. Joan zen legegintzaldian zubi zaharra kendu behar izan zuten, ibaiaren gorabeherek Arripausuetako etxebizitza batzuetan eragin zezakeelako. Orain, azpiegitura berriari izena ipintzea baino ez da falta. Durangoko eta Iurretako udal ordezkariek aurreratu dutenez, parte hartze prozesu bat egingo dute herritarrek azpiegituraren izena erabaki dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!