Cuelgamuros haranean bisitak egiten hasi dira oraintsu, eta Uriberen senideak eta Larrañagarenak bertan egon dira. Jesus Aristegi elorriarra atzo egon zen bertan. "Egoera penagarrian egon da urteetan; duela bi urte ezin zen bisitarik egin, orain ostera, neurri zorrotzekin bada ere, egin daiteke", azaldu du Aristegik. Hezetasuna kentzeko makina bat jarri dute, eta kamerak ere jarri dituzte, gunea babesteko; horrez gainera, bisitariek buzoa eta maskarak jarri behar dituzte, ingurua ez kutsatzeko. "Lan taldeak hainbat oztopo eduki arren, beharrezkoa da senideei beren familiartekoen gorpuzkiak emateko, zauria nolabait ixteko, baina baita demokrazia osasuntsu bat lortzeko ere", gehitu du Maite Aristegi Larrañagaren iloba eta Jesusen arrebak. "Garrantzitsua da gorpuzkiak itzultzeko eskaerak egitea, eta memoria historikoaz berba egitea. 87 urte pasa dira gertakari horietatik, eta 47 berez, demokrazia ezarri zenetik, eta begira nola gabiltzan oraindik".
Aristegiren arabera, hirunakako hiru bisita egiten dituzte astelehenetan eskaera egin duten senideek, haranerako sarrera itxita dagoela baliatuta. Julen Uribe Usabel berriztarraren senideek joan den astean egin zuten bisita. Gogotsu daude beraiek ere gaiari buruz berba egiteko. "Osaba nuen Julen Uribe Usabel, eta niri bere omenez jarri zidaten izena; gerran hil zuten bera", nabarmendu du Julen Uribe senitartekoak.