Joan zen domekan Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua "medikurik gabe egon zen Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko", LAB sindikatuak ohar batean salatu duenez.
"Osakidetzako Larrialdi zerbitzuan gero eta gehiagotan pairatzen ari gara halako egoerak. Oinarrizko zerbitzua bada ere, egun askotan ez da iristen ezarrita dauden gutxienekoak betetzera. Emergentziazko deiak hartzen diren koordinazio zentruetan ohikoa da ezarritako mediku guztiak ez egotea, eta geroz eta egun gehiagotan anbulantzia medikalizatuak mediku gabe geratzen dira", gehitu dute.
Guzti horrek, Euskadiko Larrialdien Sarean "hutsune larriak" egotea dakarrela ohartarazi dute. "Mediku baten arta behar duten gaixoak medikurik gabe artatuko dira edo gehiago itxaron beharko dute".
Horiek horrela, Osakidetzako Larrialdietako zuzendaritzari pertsonen kudeaketa politika "alda dezala" eskatu diote.