Presoen Euskara Irakasle Taldeak amaitutzat eman du bere ibilbidea. Zergaitik?
Arkaitz Zarraga: Espetxeetako euskara klaseak Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzea lortu dugulako. Hemendik aurrera, klaseak euskaltegiek emango dituzte, HABEren bitartez, modu ofizialean.
Noiz hasi zineten eskolak ematen?
A.Z.: Gurea sei edo zazpi urte iraun duen bidea da. Bederatzi ikaslegaz eta zortzi irakaslegaz hasi ginen, EGA sasoian. Preso bakoitzak bere irakaslea zuen. Gutun bidez, telefono deiren bat familiari kenduta, bisitaren bategaz, horrela hasi ginen. Eta hara, bederatziek gainditu zuten EGA. Bigarren urtean, gure harridurarako, 45 presok eman zuten izena B1, B2, C1 eta C2 azterketetara aurkezteko. Euskaltegietako irakasleei deialdi bat egin genien eta 45 kide agertu ziren prest eskolak emateko.
Urte hauetan guztietan zenbat preso eskolatu dituzue?
A.Z.: 60 bat ikasle eta beste horrenbeste irakasle. Presoetariko batzuk B2 mailan hasi ziren klaseak hartzen, eta C2raino ailegatu dira. Beste batzuek maila txukun bat lortu gura zuten, eta beste batzuek euskaragazko kontaktua mantendu. Azken finean, helburua ez zen titulua lortzea bakarrik. Dispertsioak sortzen zuen urruntze horretan, euskaratik urruntze bat ere bazegoen. Orduan, hau guzti hau, euskara atetik ez, baina leihotik sartzeko modu bat izan da.
Unai Uribe: Presoari ukatu zaion eskubide bat, ahal izan dugun moduan, kostata, betetzen ahalegindu gara. Euskara ikasteko eskubide ukatua berreskuratzen ahalegindu garela esango nuke.
Irakasle bakoitzak preso bat zuen ikasle. Zelakoa zen hartu-emana?
Esther Garitaonandia: Nik, adibidez, ez nuen ikasleagaz kontakturik izan. Bere bikotekidearen bitartez kudeatzen genuen dena. Beragaz geratuta, materiala zelan bidali, berba eginda. Baina presoagaz ez nuen sekula berbarik egin.
U.U.: Nik ere ez. Hartu-emana gutun bidezkoa baino ez zen. Material sorta bat batzen genuen, baina baziren mugak. Entzumen edo mintzamen trebeziak ezin ziren behar zen moduan landu. Ikasleak jasotzen zuen materiala mugatuta zegoen. Adibidez, ezin zen CD bat sartu. Ikasleak materiala jasotzen zuen lehenengo, gero landu egiten zuen, eta, azkenik, egindako lana guri bidaltzen zigun. Pentsa, denbora tarte hori hilabetekoa izan zitekeen. Askotan familiako bitartekariren bategaz lantzen genuen gure arreta.
Irati Landa: Bai, nik ere ikaslearen feedbacka bitartekari horrengandik jasotzen nuen. Batzuetan gutunak ez ziren ailegatzen, eta ez nekien ondo egiten ote nenbilen, berak materiala jasotzen ote zuen...
Esperientzia honek guzti honek zer ekarpen egiten dio irakasleari?
Igor Landaluze: Norbere lan orduetatik kanpora egindako lan estra bat izan da, baina asko ematen dizuna. Beharrizan bat zegoen, eta hori bete egin dugu. Espainiako estatuko beste puntan kartzelaratuta zegoen preso bategaz eta familiako kide bategaz hartu-emana izateak asko bete nau. Eta emaitza akademikoak itzelak izan dira. Oso ikasle onak izan dira, eta oso-oso esker onekoak. Horrek asko asebetetzen du.