Udako Olaren hirugarren edizioa egingo dute aurten. Udako Ola euskal kulturaren transmisioaren inguruko egonaldia da, gazteentzakoa. Kultura munduko profesional eta erreferenteen eskutik, parte hartzaileek zenbait diziplinatan esperimentatzeko aukera izango dute. Edizio honetan, besteak beste, Ane Labaka bertsolari eta idazlea, Josu Martinez zinema zuzendaria, Dantzaz Dantza taldea eta Leire Vargas idazle durangarra izango dira erreferente horietariko batzuk. Ekimena Lekeition izango da, ekainaren 24tik 29ra bitartean, eta 18tik 29 urtera bitarteko pertsonei zuzenduta dago.
Egonaldiak sei egun irauten du eta bertan hamabost lagun batzen dira gehienez. "Lan egiteaz eta praktikatzeaz gainera, Udako Olak Lekeitioz gozatzeko, elkarregaz bizitzeko eta kultur jarduerez gozatzeko gune bat ere badu. Sei egunez, gazteek Lekeitioko Trinkete Etxean izango dute aterpea. Loraldirako propio sorturiko saioak dira, eta bertan hitza, soinua, irudia eta gorputz adierazpena lantzen dira. Horrez gainera, gazteek aukera izango dute erreferenteak bertatik bertara ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta euren arlo espezifikoagaz loturiko edukiak jasotzeko", azaldu dute Loralditik. Egonaldiagaz batera, Sormen Astea ere antolatzen du egun horietarako propio sorturiko programazioagaz. "Gure kulturako erreferenteak herri osora zabalduko diren zuzeneko emanaldiak izango dira", nabarmendu dute antolatzaileek.
Loraldiak Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol Sailaren babesa jaso du ekimen hau aurrera eramateko, eta izena Interneten bitartez eman daiteke.