Badira uste dutenak ez dela garairik onena gitarra doinuentzat; hala ere, lurrazpian bada ere, mugimendua egon badago. Horren adibide bat Berrizen izan da oraintsu. Izan ere, Kohatu eta Meison talde berriztarrek lan berriak kaleratu dituzte. Kohatukoek euren ibilbideko bigarren diskoa publikatu dute, Anabasari deiadar. Hileetako lanaren ondoren, gogotsu daude eginiko lan horren emaitza zuzenean aurkezteko. "Oskolak debuteko lana kaleratu, kontzertu bi eman, eta pandemia betean sartu ginen. Beste kontzertu bi eman genituen gerora, baina nahiko behea jota zegoen dena. Jotzea posible izan zen garairako, diskoa zahartu egin zela iruditzen zitzaigun, abestiek ez gintuzten hainbeste motibatzen", azaldu du Martin Sarasketa bateria-jotzaileak; Sarasketak, Joseba Romerok (gitarra eta ahotsa) eta Imanol Taberak (baxua) osatzen dute hirukotea. Bigarren lan hau Meison lagunekin aurkeztu zuten, Berrizko Hiltegixen, apirilaren 5ean; zapatu honetan, hilak 20, Iurretako Abadetxean elkarregaz joko dute berriro. "Betiko lagunak gara, gogotsu gaude elkarregaz jotzeko eta mugitzen hasteko", gehitu du Sarasketak. Meison taldeko kideak ere ilusioz gainezka daude. "Hainbat belaunaldi egon dira Berrizen rocka jorratzen, eta gu euren ondoren hasi gara", azaldu du Unai Unzuetak. "Aste berean, Kohatuk bigarren lana eta guk eta Ejek ere kaleratu dugu geurea. Sekulako poza eragiten digu gure inguruan musika sortzeak. Gainera, eskertzen dugu horrelako taldeek guri lagundu izana, elkarri laguntzen diogunean bidea errazagoa delako denontzat".
Unzuetak (gitarra), Ibon Azpirik (baxua) eta Aiert Agirrek (bateria) 2020an sortu zuten Meison, doinu freskoak ontzeko gogoz, eta orain kaleratu dute 48240 debuteko lana. "Musika asko entzun izan dugu beti, eta nahasketa horri ahots melodikoa eta pop melodiak gehitu dizkiogu", esan dute. Influentzia modura, Turnstile, Basement, Title Fight eta La Plata taldeak aipatu dituzte. "Era horretako taldeak hartzen ditugu eredu lez soinu aldetik, baita konposatzerakoan ere", argitu dute. Bestalde, hirukoteak bizkaieraz abesteko hautua egin du. "Ez da bizkaiera jasoa, kalean egiten duguna baino. Alde batetik, estetikoki taldea bereizten duela uste dugulako, eta erosoagoa egiten zaigulako; bestalde, hautu politikoa ere izan daiteke, gurago dugulako euskarazko talde gehiago egotea", azpimarratu dute.
Hobe lagun artean
Doinuak sortu eta aurkeztu ez ezik, musikazaleen artean ekosistema bat eraiki dute. Horrela, 48.240 diskoaren grabazioaz Imanol Jareño berriztarra arduratu da. "Gure laguna izateaz gainera, Aierten taldekidea da Duben, eta Ibonena izan zen Etsipen taldean. Guretzat sekulako aukera izan da kalitatezko grabazio bat egiteko, eta oso pozik gaude emaitzagaz", azaldu du Unzuetak; grabatu ere herrian bertan egin dute, entsegu lokaletan. Diseinuaz Sergio Devesa zaldibartarra arduratu da. Irudiak sortzeaz gainera, Devesak bateria jotzen du Ezta Ilen, Worth It eta Unfix taldeetan, besteak beste. Bestalde, Kohatuk Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioetan grabatu zuen lana.
Anabasari deiadar
Aurreko diskoari loturiko beheraldia gaindituta, Kohatuk bete-betean ekin zion abesti berriak sortzeari, eta horrek lotura du emaitzagaz. "Pandemiatik hasita, mundua zelan nahastu den begiratzea baino ez dago. Eroso egotetik, dena birplanteatu eta berrikusi beharrera igaro gara. Diskoan galdera asko egiten dugu, zein den bide zuzena edo okerra, lan munduaren prekarizazioa, gizartean dagoen lehiakortasuna, heriotza...", azaldu du Martin Sarasketak.