Urkiola Landa Garapenak kanpaina bat hasi du baserrietako hondakinak gaika batzeko. Zehaztu dutenez, hondakin fitosanitarioak, zoosanitarioak, hondakin plastikoak eta artilea batuko dituzte gaika.
- Hondakin fitosanitarioak: ongarrien, herbiziden eta fungiziden ontzi hutsak dira. Baserritarrek Durangoko Garbigunera eraman ahalko dituzte urte osoan zehar. Garbigunearen ordutegia honako hau da: astelehenetik zapatura 9:00 - 13:25 eta 15:30 - 18:00 eta domeketan, 9:00etatik 15:00etara.
- Hondakin zoosanitarioak abereak tratatzeko medikamentuak eta txertoen xiringak dira. Horiek Abadiñoko DIBA kooperatiban batuko dituzte. Era berean, artzain elektrikoen pilak jasotzen dituzte urte osoan zehar. Ordutegia honako hau da: goizez 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 15:00etatik 19:30etara.
- Hondakin plastikoen artean negutegiko plastikoak eta silo bolen plastikoak daude. Hauek batzeko zerbitzu berezia sortu dute. Izena eman beharko da aldez aurretik. Zerbitzuan izena eman gura duenak Urkiola Landa Garapenera deitu (946203611) edo idatzi landagarapena@landagarapena.eus beharko du. Plastiko hauek urtean behin batuko dituzte. Aurten, maiatzaren 13tik 17ra.
- Artilea batzeko egunak uztailaren 8a eta 9a izango dira. Zerbitzu honetan Bizkaiko Foru Aldundiak, DIBA kopperatibak eta Urkiola Landa Garapenak esku hartuko dute. Aurreratu dutenez, gutun informatiboa bidaliko dute honen berri emanez.