Oporrak Bakean programaren baitan esku hartzen duten udalek, Saharako Euskadiko Ordezkaritzak, harrera elkarteek eta harrera familiek udari begirako kanpaina berria aurkeztu dute. Aurten, 8-12 urte bitarteko ume sahararrak hartzeko 300 harrera familia lortu gura dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egitasmoaren bultzatzaileetako bat Hamadako Izarrak elkarteko Garazi Etxebarria da. Eta jakinarazi duenez, izurriaren aurreko kopuruetara heltzea dute helburu. Izan ere, pandemiak umeak harreran hartzeko joera balaztatu du. Iaz 183 ume etorri ziren Autonomia Erkidegora, eta 153 duela urte bi. Orain, 300 ume hartzeko erronkagaz, izurriaren aurreko kopuruetara ailegatu gura dute.
Mohamed Fadel Mojtarrek, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, ume sahararrak udan hartzeko programaren testuingurua azaldu du. Errefuxiatutako sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen mende daude. Munduko Medikuak elkartearen arabera, ohiko osasun-arazoez gain, Saharako hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egoki bat izateko behar duen dieta. Horrek Oporrak Bakean programa arnas gune bilakatzen du, bai parte hartzen duten adingabeentzat, bai haien familientzat, zeinekin oso harreman estuak sortzen diren.
Rio de Oro elkarteak ere bat egin du deialdiagaz. Oporrak Bakean programan parte hartzera deitu ditu Durangaldeko familiak. Elkarteak, ohi bezala, udalekuak ere antolatuko ditu. Elkarteko kideek martxoaren 31ra arta ipini dute zabalik programan izena emateko epea. Interesatuek, honako helbide hauetara jo dezakete: oporrakbakean@gmail.com eta 658751359 (Egitasmoaren Bizkaiko telefonoa). 676108794 (Rio de Oro elkartearen telefonoa).