Martxoaren 23tik 24rako asteburuan ez da liga jardunaldirik egongo Lehenengo Mailan. Baina futbola nonhai ikusi ahalko da. Athleticek, bere Fundazioak eta Athleticekin hitzartutako 86 klubek Euskal Non-League Day jaiaren bigarren aldia antolatuko dute. Ekimenaren helburua oinarrizko futbolari eta mundu horretan lan egiten duten guztiei merezi duten aitzatespena egitea da.
Durangaldean Athleticekin hitzarmena duten sei klub edo erakunde daude: SD Amorebieta, Biak Bat, Durangoko Sapuherriak, CD Elorrio, Ikas Txiki eta Lauaxeta Ikastola. Erakunde bakoitzak bere futbol zelaian ospatuko du jaia.
Zozketak eta opariak
Athletic Clubek zozketa erakargarriak antolatu ditu tokiko zaleek festan parte har dezaten. Hitzartutako klub bakoitzak Athletic Clubek antolatutako zozketetarako txartel sorta bat jasoko du. Txartelaren prezioa 3 eurokoa da, eta bildutako diru guztia hitzartutako klubarentzat izango da, eta honek gizarte-erakunde batera bideratu ahal izango du zenbatekoaren zati bat.
Euskal Non-League Day dela eta, txartel sorta honetarako zozketatuko diren hiru sariak (bi orokor eta beste bat parte hartzen duen hitzartutako klub bakoitzerako) honako hauek dira:
- Sarrera bikoitza, eta bi lagunentzako bidaia eta egonaldia gizonezkoen lehen taldearekin batera San Mamesetik kanpo jokatuko den LaLigako partida batera. Zenbaki guztiekin lehen sari orokorra da.
- 'Lions Experience'-en sarrera bikoitza San Mamesen jokatuko den LaLigako partida batean. Honen barne daude VIP eraztuneko eserlekuak, welcome pack-a, eta estadioaren barrura sartzea futbolarien etorrera barrutik bizitzeko, zelaian bertan egiten diren beroketak ikusteko, eta partida amaitzean jokalari batekin topaketa. Zenbaki guztiekin bigarren sari orokorra da.
- San Mameseko partida baterako sarrera bikoitzak. Modu independentean zozketatuko dira hitzartutako klub parte-hartzaileen zelai bakoitzean. Zozketa partiden atsedenaldian egingo da. Irabazleak zelaian egon beharko du saria jasotzeko.
Gainera, tokiko zelaietara bertaratzea sustatzeko, Athletic Clubek gizonezkoen lehen talde osoak sinatutako kamiseta bat, emakumezkoen lehen taldeak sinatutako kamiseta bat eta LaLigako partida baterako bi sarrera zozketatuko ditu martxoaren 23an eta 24an Twitterrera, Facebookera edo Instagramera #EuskalNonLeagueDay traola erabiliz oinarri-futboleko partida batean argazki bat igotzen duten pertsona guztien artean.
Parte hartuko duten kluben armarria.