Durangaldeko Mugimendu Feminista: "Grebatik hona ez dugu udalen erreakziorik ikusi"

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 29a, 10:27
Eskualdeko mugimendu feminista Andra Mariko elizpean, koan zen azaroaren 30eko greba orokor feministan.

Durangaldeko Mugimendu Feministak zaintzaren problematika kaleratuko du Martxoaren 8ko aldarrikapenetan. Besteak beste zaintza-mahaiak eratzea eskatuko diete Durangoko eta Zornotzako Udalei.

Martxoaren 8 iristear dago, eta Durangaldeko Mugimendu Feministak jada argitu du aurtengo lanketa-gaiak zeintzuk izango diren. Joan zen azaroaren 30ean egindako greba orokorra hartuko dute aldarrikapenak kaleratzeko oinarri modura, "zaintza krisi larri bati aurre egin" eta "sistema eraldatzeko" asmoz. Hedabideetara bidalitako oharrean aurreratu dutenez, "egoera aztertuko duten diagnostikoak eta konponbide zehatzak" eskatzen jarraituko dute. "Ezinbestekoa da bestelako zaintza kultura bat pentsatzea eta eraikitzea. Zaintza gisa ulertzen duguna eta gizartean ematen diogun lekua eraldatu nahi dugu. Genero sistema, lanaren banaketa sexual eta arrazista irauliko dituena. Zaintzarekiko erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen dugu", azaldu dute.

Alde horretatik, instituzioetara zuzendu dute kritika: "Grebatik denbora pasa den arren, ez dugu inolako erreakziorik ikusi udalen aldetik. Ez dira harremanetan jarri Mugimendu Feministarekin, eta ez dute ezelango aldaketarik egin euren politiketan", azaldu dute oharrean. Eta gaineratu dutenez, Martxoaren 8an zaintzaren inguruko problematika kaleratuko dute Durangaldeko udalerrietan. "Besteak beste, Durango eta Zornotzako udalei exijituko diegu zaintza-mahaiak eratzeko herrietako eragile soziosindikalekin batera, greba feminista orokorrean nabarmendu genituen aldarrikapenak lantzeko eta zaintza-sistema publiko eta komunitario bateranzko urratsak ematen hasteko. Ermuan eta Abadiñon, aldiz, hitzaldiak antolatu ditugu mobilizazioen aurretik", zehaztu dute. 

Martxoaren 8ko mobilizazioak Durangaldean:

  • Durango.19:00etan Andra Maritik.
  • Zaldibar. 19:00etan Udaletxeko Plazatik
  • Iurreta. 18:30etan Askondotik
  • Elorrio. 19:00etan Plazan
  • Zornotza. 19:30 Herriko Plazatik
  • Berriz. 19:00etan Udaletxetik plazara
  • Atxondo. Zehazteke
  • Abadiño. 19:00etan Laboral Kutxatik
  • Otxandio. 19:30ean Ekitaldia Andikonan
  • Ermua. 19:00etan Ermuko Plazatik
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!