Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: “Berbarok beti izan du proiektu berritzaileak sortzeko gaitasuna; aurrerantzean ere funtzio horri helduko diogu”

Ekaitz Herrera / Aitor Ruiz 2024ko ots. 16a, 09:30

Berbaroko kudeaketan lekuko aldaketa egon da. Pello Zabarte Narbaizak hartu du Markel Sanchez Zelaiak azken bost urte pasatxotan beteriko kudeatzaile kargua. Eremu berrietara heltzen jarraitzeko bidean sakondu gura du Zabartek. 

"Durangokoa den baina proiektuak Durangaldean ere badituen euskara elkartea". Markel Sanchez kudeatzaile irten berriak halantxik definitzen du Berbaro. Pello Zabarte kudeatzaile etorri berriak bere egin du esan hori, eta etorkizunera begirako asmoa erantsi dio: "Seguru nago gauza berriak etorriko direna". Zabartek aurreratu duenez, euskara, kirola eta sare sozialak harilkatuko dituen proietu berria kaleratuko dute laster.

Lekuko aldaketa eginda, zelan kargu berrian?
Pello Zabarte: Egia esan, oso ondo, gustura eta pozik. Hilabete pasatxo da kargua hartu nuenetik, eta tarte honetan lan berria ezagutzen ibili naiz. Lankideekin hartu-emana estutzen, eta Berbaroren funtzionamendua eta euskalgintzako beste hainbat kontu ikasten ibili naiz. Aurrerantzean ere ikasten jarraitu gura dut.  

Erronka handia da Berbaroren gidaritza hartzea?
P.Z.: Bai, bada. Maila pertsonalari dagokionez, eremu berri bat da niretzat. Gainera, Berbaro Durangoko elkartea da eta ni ez naiz durangarra. Horrek ere badu erronkatik. Bestalde, kontuan hartu behar da Berbaro oso ibilbide luzea duen elkartea dela. Komunitate sendoa du, langileak ditu eta proiektu esanguratsu ugari sortu du urte hauetan guztietan. Saltsa askotan sartuta egon da urte hauetan, eta halantxik dago gaur egun ere. Erronka potoloa da, baina baita polita ere.

Markel, zuk bost urte eta erdi egin dituzu Berbaroko kudeatzaile lanetan. Zelako urteak izan dira?
Markel Sanchez: Berbarok eginiko lanari dagokionez, balantzea positiboa da. Proiektu berriak ipini ditugu martxan, eta iruditzen zait lehen heltzen ez ginen eremu berrietara heltzea lortu dugula. Alde horretatik, pozik nago. Bestalde, proiektu batzuk egin barik geratu dira, hain zuzen ere, mundu guztiari legez, izurriak asko eragin zigun eta. Hau da, bide honek utziriko arantzen artean, badago gauzatu ezin izan dugun proiektu zehatz bat. Ahalegindu gara, baina ez du fruiturik eman. Bestalde, maila pertsonalari dagokionez, oso pozik egon naiz, eta oso gustora lantaldeagaz. Asko ikasi dut. 

Zeintzuk dira Berbarok zabalduriko eremu berri horiek eta zein da arantza zehatz hori?
M.S.: Umeen aisialdiari begirako gaztelekuak kudeatzera pasatu gara. Lehen ez zegoen horrelakorik. Udalekuak eta Durangoko Azokako Haur Literatur Aretoa, esaterako, bagenituen. Baina ez zegoen gazteei begirako programarik, gaztelekurik. Helduen aisialdiari begira ere hainbat gauza egin dugu. Internet bidez egiteko ihes gelak, film laburren lehiaketa, Hirukoa lehiaketa... Esango nuke lehen jorratzen ez genituen eremu batzuk landu ditugula. Arantzen artean, honako hau daukat: Durangon euskarazko irrati libre moduko bat ez sortzea, podcastekin osaturiko proiektu bat. Proiektuari Berbarotik ekin gura genion, gerora autonomia propioa izatera pasatzeko. Baina kontu bategaitik edo besteagaitik, ez du aurrera egin.

Elkarri lekukoa ematerakoan, tarterik izan duzue elkarregaz egoteko? 
P.Z.: Astebetean lan egin genuen elkarregaz. Eta, egia esan, oso eskertuta nago, Markelek asko lagundu dit eta. Horrek asko errazten ditu gauzak. 
M.S.: Nik orain bost urte jaso nuen lekukoa, Maite Berriozabalen eskutik. Berak ere gauza mordoa erakutsi zidan, lantaldea ere zuri laguntzeko dago. Bestalde, lekuko aldaketa egiterakoan, gauzak zelan dauden erakustetik harago, askoz ere interesgarriagoa da bakoitzak bere ekarpena egitea eta bere egiteko era ekartzea. 

Pello, kudeatzaile bakoitzak bere norabidea eta estiloa izan ditzake. Zein da zure ikuspegia?
P.Z.: Berbarok oso proiektu indartsuak ditu, altxor bat direnak. Gazte arloko proiektuak, udalekuak, ume etorri berrientzako euskara ikastaroak, haur literatura, urteko azken bertso saioa... Horiek guzti horiek zaintzea izango da funtziorik inportanteetariko bat. Bestalde, Berbarok beti izan du proiektu berriak sortzeko gaitasuna. Funtzio hori ere hor egongo da datozen hile zein urteetan. 

Durangon eta eskualdean, zein gogoeta egiten duzue euskararen osasunari buruz?
P.Z.: Esan daiteke euskararen erabilerak azkenengo urteetan gora egin duela hemen. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean kaleraturiko datuen arabera, euskararen kaleko erabilera %21,5ekoa da Durangaldean. Azkenengo urteotan goranzko joera egon da. 2011ko kopurua %16,5ean zegoen, 2016an %18an, eta 2021ean %21,5ean. 
M.S.: Horixe da herririk gehienetariko joera, eta eskualdekoa ere bai. Baina joera soziolinguistikoak arin aldatzen dira, eta ez da komeni erlaxatzea, hain zuzen ere, Euskal Herriko beste lurralde batzuetan, batez ere euskaldunak diren eremuetan, atzerapausoak egin direlako erabileran. 

Euskalgintzak duen erronketariko bat hiztunen komunitatea geroago eta gehiago aktibatzea da. Nondik eragin dezakegu?
P.Z.: Orain aste batzuk Topaldia egin zen, Euskaltzaleen Topaguneko eragileen urteroko jardunaldia. Bertan landuriko ardatz nagusietariko bat horixe zen, hain zuzen ere. Sakatu beharreko tekla zehatza zein den ez dago argi, baina bide horretan jarraitu behar dugulakoan nago, Berbaron legez, orain arteko tresnei eusten eta garai berrietara egokituta, berrikuntzaren bidetik berriak sortzen.  
M.S.: Iruditzen zait euskara hutsean funtzionatuko duten ekosistema txikiak sortzeko gai izan behar dugula. Deituiezu ekosistema horiei euskara hutsean arituko diren talde, ingurune, leku edo momentu batzuk. Horixe da Berbarok bere historian egin duena. Eraz eta Anboto, Plateruena, Di-Da komunikazio agentzia. Tresna horiek guztiak hutsune batzuk betetzeko eta euskara hutsean lan egiteko sortu ziren. Eta maila txikiagoan ere berba egin dezakegu. Karrika bati buruz, adibidez. Euskaraz funtzionatzen duen taldea da, autonomoa, bere ibilbidea izan duena. Gero, egia esan, Pellok esan duen legez, oso gatx da tekla horiek non dauden asmatzea. Hau guzti hau ez diot sorturiko proiektuak Berbaroren zati izateko. Berbarok lagundu dezake, beste hainbategaz batera, proiektuak sortzen, ondoren proiektu horiek bere ibilbide propio eta autonomoa izan dezaten. 

Enpresa handien antzera, txikitik bada ere, ikerketa, garapena eta berrikuntza behar ditugu?
M.S.: Eremu digitaletik begiratuta, euskalgintzarentzat gatx da Netflix edo Play Station gailuen aurrean aisialdi eskaintza bat egitea. Gatx da alternatibak planteatzea, baina sinetsita nago tokikotasunean, eskualdeari begirako gauza txikietan, badagoela bidea egiteko. Aurrekontu handirik behar ez duten kontuak izan daitezke; Durangori buruzko jolas bat, esaterako.
P.Z.: Bai, txikitasunetik ekinda, tokikotasunetik ekinda, badago zer egin. Adibidez, Mankomunitateagaz batera eginiko Zeresana dokumentala aipatuko nuke. Aurrera begira ere badugu beste proiektu bat esku artean. Oraingoz ezin dugu izenik esan, baina sare sozialei begirako ikus-entzunezko proiektu bat izango dela aurreratu dezakegu. Bertan, bideo laburrak eta arinak egingo ditugu euskaraz bizi diren Durangoko eta eskualdeko kirolariekin. Proiektuak itxura polita du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!