Hiru eskaera zehatz egiten dituzte. Batetik, merkataritza libreko itunei amaiera ematea aldarrikatzen dute. MERCOSUR eta halako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriagaz akordioa ez berrestea eskatzen dute, "ardi okela (bildotsak) eta esnea Europako merkatuetan sartzeak dakarren mehatxuagaitik". Aldi berean, merkataritza askeko negoziazio prozesu guztiak geldiarazi behar direla diote, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen dute "etetze luzamendu bat" ezartzea.
Bestetik, baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatu behar dituztela diote sindikatuek. "Merkatuaren erregulazioan oinarrituriko elikadura politika eskatzen dugu, prezio duinak bermatzeko mekanismo modura. Era berean, merkataritza jardunbide desleialei buruzko zuzentaraua modu eraginkorrean inplementatzea exijitzen dugu, ekoizpen kostuen azpitik saltzeko debekuagaz batera", gaineratu dute.
Hirugarren aldarrikapen modura, Europako Nekazaritza Politika (NPB) sinplifikatzea "ezinbestekoa" dela deritzote: "Gehiegizko burokraziak kostu onartezinak eragiten dizkie baserritarrei, eta ez dute uzten helburuak betetzen".
Gauzak horrela, biharko mobilizazioa traktoreekin egingo dute (50 traktoretik gora). Traktore horiek Bizkaiko hainbat eskualdetatik irtengo dira eta Bilboko Areatzan elkartuko dira, 10:00etan. Gune horretan bertan, merkatu garden bat egingo dutela iragarri dute, eta hutsean ontziraturiko bildots laurdenak eskainiko dituzte, 20 euroko prezioan. Ekintza horren helburua azaldu dute sindikatuek: "Zeelanda Berriko arkumea sartzeak dakarren mehatxua salatzeko eta gure elikaduraren tokiko ekoizpenaren garrantzia nabarmentzeko". Durangaldeko baserritarrak Eroskiko aparkalekuan batuko dira, denak batera Bilbora joateko. 8:00etan egin dute hitzordua.