Abadiñon eta Durangon nazioarteko pilota jaialdi bat antolatu gura dute abenduan

Anboto 2024ko ots. 7a, 13:02
Aitor Erauzkin Euskadiko federazioko zuzendari teknikoa, Miren Larrarte, Inhar Ugarte, Leire Galdos eta Amets Aldazabal pilotariak eta Gotzon Enbil federazioko presidentea gaurko aurkezpenean.

Gaur Euskal Pilota selekzioaren urteko egutegia aurkeztu dute eta hitzordu bat Durangaldekoa da.

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren eta Munduko Pilota Batzarraren arteko lankidetzari esker, euskal selekzioa mundu zabalean ibiliko da aurten ere. Gaur aurkeztu dute aurtengo egutegia, Astolako egoitzan. Ekimenetako bat Euskal Herrian bertan izatea gura dute, zehatzago esanda, Durangaldean: Abadiñoko Tornosolo trinketean eta Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan. Nazioarteko txapelketa hori abenduaren 26tik 29ra antolatuko litzateke.

Txapelketa ez dago itxita, baina gauzatu dadin lanean dabiltza. Nafarroako eta Iparraldeko federazioek "begi onez" ikusten dute, Aitor Erauzkin Euskadiko federazioko zuzendari teknikoaren esanetan. "Hurrengo hilabeteetan txapelketari forma ematen eta behar diren laguntza guztiak bilatzen joatea da asmoa". Ildo horretatik, Mankomunitateagaz eta Durangoko Udalagaz duten "harreman ona" azpimarratu du. 

Abadiñoko trinketean hainbat modalitatetan jokatu gura dute: gomazko paletan —emakumeetan nahiz gizonetan—, eskuz binaka eta buruz buru, xaren eta larruzko paletan. Durangoko Ezkurdi Jai Alaik zesta puntako txapelketa hartuko luke.

Aurrekariak

Orain urte bi, Iparraldeko Pilota Batzordeak sortu zeneko ehungarren urteurrena ospatzeko nazioarteko txapelketa bat antolatu zuen trinketeko espezialitate guztietan nahiz zesta puntan, eta han izan zen Euskadiko federazioa. "Gure federazioarentzat oso txapelketa aberasgarria izan zen, batez ere trinketeko espezialitateak bultzatzeko", gogoratu du Erauzkinek. Hori ikusita, aurten nazioarteko txapelketa hari jarraipena ematea erabaki dute.

Lehen aldian parte hartu zuten Iparraldeko, Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako pilota federazioak ez ezik, nazioarteko federazio gehiagok parte hartzea espero dute. "Herrialde gehiagori ateak zabaltzea da helburua".

Munduan zehar

Bestelakoan, euskal selekzioak hainbat herrialde bisitatuko ditu aurten txapelketak jokatzeko nahiz erakustaldiak egiteko: San Frantzisko (AEB) otsailaren 14tik 23ra; Xochimilco (Mexiko) martxoaren 17tik 24ra; Freixo de Espada a Cinta (Portugal) apirilaren 2tik 7ra; Boise (AEB) uztailaren 23tik 30era; Brusela (Belgika) uztailaren 28tik abuztuaren 2ra; Mexiko Hiria (Mexiko) abuztuaren 8tik 18ra; Flores (Uruguay) abuztuaren 12tik 20ra, eta, Miami (AEB) abuztuaren 14tik 21era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!