Elkarrekin Podemos kezkatuta dago ESK sindikatuak duela egun gutxi egindako salaketa publikoa dela eta. Gernikako ZIU anbulantzian mediku falta dagoela kritikatu zuen sindikatuak, eta talde moreak, kezka agertu du afera horrekiko, hain zuzen ere, Gernikako anbulantzia medikalizatu hori arduratzen delako Durangaldeko zerbitzuetaz. Elkarrekin Podemos - IU talde parlamentarioak galdera sorta bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. "Asteburu honetan zergatik ez da medikurik egon Durangaldea estaltzen duen Gernikako ZIU mugikorrean?", "Zenbat bider gertatu da hau 2023an?" eta "Egia al da medikurik ez dagoen kasuetan ZIU mugikorreko errotulazioa aldatu eta Bizi-Euskarri Aurreratua BEA ipintzen dela?", galdetu du Miren Gororrotxategi buru duen taldeak.
Bestalde, Sabina Méndez Durangaldeko Podemos alderdiko bozeramaileak honako kezka hau plazaratu du: "Eskualdeko osasun egoera kritikoa da, eta kezkatzen gaitu. Herritarren kezka nagusietako bat ere bada. Euskadiko koroaren harribitxia izatetik, benetako kezka izatera pasa da”. Talde moreak gogora ekarri du duela egun batzuk 43 urteko herritar bat hil zela Laudioko anbulatorioan (Araba), bihotzekoak jota. Bertaratu zenean, bi erizain baino ez zeuden, eta ZIU Mugikorrera deitu behar izan zuten. Ez zen garaiz iritsi. “Hori da saihestu nahi dugun egoera”, adierazi du Mendezek.