[BIDEOA]: Sei urteko ibilbidea eginda, pentsiodunak, aldarrikapenekin jarraitzeko prest

Ekaitz Herrera / Aitor Ruiz 2024ko urt. 15a, 15:30

Aurrerantzean ere bide horretatik jarraituko dutela adierazi dute. Besteak beste 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatuta, eta osasungintza publikoa, zerbitzu publikoak, defendatzen. Durangon ekitalditxoa egin dute, Kristina Mardarasen bertsoak eta luntx bat lagun. Elorrion, adibidez, elizpean mobilizatu dira.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak sei urteko bidea bete du eguerdi honetan. Sei urtean ibili dira astelehenero-astelehenero, eguerdiz eguerdi, pentsio duinengatiko aldarrikapenak kaleratzen. "Harro gaude bidezkoa den aberastasunaren banaketaren aldeko borroka egiteaz eta erakunde sozial eta sindikalekin partekatzeaz. Baita soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hondatzen dituzten politika publikoak aldatzeko erreferente garrantzitsua izateaz ere", adierazi dute ohar bidez.

Aurrerantzean ere, bide horretan jarraituko dutela jakinarazi dute. Besteak beste "1.080 euroko gutxieneko pentsioa" ezartzea gura dute, eta Eusko Jaurlaritzari dei egin diote pentsioek kopuru horretara iristeko falta duten zatia ipintzeko. Era berean, "osasungintza publikoari eta mendekotasuna artatzeko zerbitzu publikoei" loturiko borroketan parte hartzen jarraituko dutela aurreratu dute. 

Durangaldeko herrietan hainbat ekitaldi egin dute eguerdi honetan. Adibidez, Elorrioko elizpean kontzentratu dira pentsiodun batzuk. Eta Durangon, udaletxeko arkupeetan egin dute ekitaldia. Sei urteko balantzea irakurri ostean, bertsoak bota ditu Kristina Mardarasek. Ondoren, luntx bat egin dute.

Bestalde eskualdeko herri hauetan ere batu dira: Zaldibarren, Iurretan, Berrizen eta Zornotzan. 

Elorrion hainbat pentsiodun mobilizatu da eguerdian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!