[ARGAZKI GALERIA]: Durangaldeko lau sukaldari, ETBko Sukaldarien Liga saioan

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 11a, 10:45

Lau sukaldariak Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua eskuratzeko lehiatuko dira beste 46 kiderekin batera. Lehiaketa urtarrilaren 16an estreinatuko dute, 22:15ean.

Euskal Telebistak Sukaldarien Liga talent show gastronomikoa estreinatuko du datorren martitzenean. Euskal Herriko 50 sukaldari profesional zein amateur sukaldari onenaren titulua eskuratzeko lehiatuko dira. Tartean, Durangaldeko lau: Saltsan katerin etxeko Iñaki Uribe, Gozatu gozotegiko Karmele Elexpe, Gorane Gorospe antzerki irakasle durangarra eta Nerea Lerin ostalari eta supermerkatuko langile zornotzarra. Telebista saioa urtarrilaren 16an estreinatuko dute ETBko lehenengo katean, 22:15etan. Lehiaketa Ainhoa Etxebarria aurkezle ondarroarrak gidatuko du, eta epaile gisa jardungo dute gastronomian adituak diren Javi Riverok, Maider Larrañagak eta Aitzol Zugastik.

Saioaren garapena

Lehenengo atalean sukaldariek Euskal Herriko gastronomian izarrak diren produktu bi baliatu beharko dituzte: Idiazabalgo gazta eta Bermeoko antxoa. Epaileen kriterioaren arabera platerik eskasenak prestatzen dituztenak lehiatik kanpo geratuko dira. Aldiz, platerik onenak egiten dituztenek, bigarren fasean lehiatzeko txartela lortuko dute.

Azken hauek amantal beltza lortuko dute. Zortzi izango dira orotara. Etxerako aproposa den menua prestatu beharko du talde bakoitzak: pistoa, marmitakoa eta sagar tarta kozinatu beharko du taldeetako batek, eta arrain zopa, sukalkia eta arroz pastela, besteak. Talde irabazleak Hilario Arbelaitz sukaldari prestigiotsuak proposatutako errezeta bat prestatu beharko du azken proba modura.

Telebista saioko kideek aurreratu dute "emozioa, tentsio uneak, barreak zein negarrak" egongo direla saio berrian. Lehiaketa Prime Time Media ekoiztetxeak egin du ETBrentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!