“Eustrak-Euskadi maila handiko taldea da eta horrelako talde batean sartzeak harrotasuna ematen du”

Maialen Zuazubiskar 2023ko abe. 22a, 12:30

Izaro Oliveira Alberdi (Ermua, 2005) txirrindulari ermuarrak azken lasterketak ditu Duranguesa taldeagaz. Oliveirak urte aparta egin du aurten eta modu ezin hobean borobiltzea lortu du. Ermuko txirrindulariak asmo berria du datorren denboraldiari begira.

Lehenengo eta behin, zer moduz doa denboraldiaurrea?
Ondo doa, baina kontuan hartuta unibertsitateko lehenengo urtea dela (bioteknologia ikasten dabil), hor doa. Apurka-apurka erritmoa hartzen nabil eta denboraldia prestatzen nago dagoeneko. 

Denboraldiaurrean zauden arren, dagoeneko Anoetako belodromoko (Donostia) Gipuzkoa Sarian parte hartzen zabiltza. Zelan joan dira lehenengo lasterketak?
Nahiko ondo doaz. Ahal dudan neurrian entrenatzen nabil, eta erritmoa hartzen. Azken batean, Anoetan jokatzen diren lasterketa hauek erritmoa hartzen ere laguntzen dute. 

2023a dagoeneko amaitzear da eta urteagaz batera etapa bat itxiko duzu, jubenil mailatik 23 urtez azpikoetara saltoa emanda. Zelako balantzea egiten duzu?
Ona. Aurten pistan ibili naiz batez ere, eta ondo joan zait. Europako eta Munduko Txapelketetan egoteko aukera izan dut eta itzela izan da. Lehenengo aldia izan da horrelako mailako lasterketetan egon naizena lehiatzen, eta ikasteko modu bat izan da. Ikasteko urtea izan dela esango nuke, batez ere denboraldi eta maila berriari begira. Gainera, ez neukan buruan Europako eta Munduko Txapelketetara joatea; azken batean, Bioteknologia karreran sartzeko ikasten nenbilen eta ezinezkoa zen bizikletan ere ehuneko ehunean aritzea. Baina, azkenean, Espainiako Txapelketan ondo ibili nintzen, eta bertan egotea lortu nuen.

Ez zeneukan buruan Europako eta Munduko Txapelketetan parte hartzea?
Bai, baneukan. Azken batean, beti motibazioren bat izan behar duzu entrenatzeko. Baina, egia esan, ez nuen espero.

Pistan aritzeaz gainera, errepidean ere bazabiltza. Hala ere, denboraldi honetan pistarako apustu argia egin duzu. 
Aurten arte gehiago ibiltzen nintzen errepidean, baina aurten errepidea pistako denboraldia prestatzeko erabili dut. Pistak denbora gutxiago eskatzen du entrenatzeko, eta errepideari denbora gehiago eskaini behar zaio. Horrez gainera, pistan gustura aritzen naiz, ondo ikusten dut neure burua.

Denboraldi honetan geratu zaizu arantzarik, ala denboraldi borobila izan da?
Beti daude hobetzeko gauzak, eta bai, geratu zait arantzatxoren bat. Pistako Espainiako Txapelketan, esaterako, askotan ahalegindu nintzen ihes egiten, gogor borrokatu nintzen, nire asmoa urrezko dominaren bat lortzea  zen eta. Baina ezin izan nuen, ez nuen lortu. 

Bestalde, Europako eta Munduko Txapelketetan gogoagaz geratu nintzen beste probaren batean aritzeko. Horietxek nire arantzatxoak.

Datorren denboraldian zein taldetan ikusiko zaitugu? Baduzu talderen bategaz ezer lotuta?
Bai, datorren denboraldian Eustrak-Euskadi taldean arituko naiz, pistako taldean, Berrizko belodromoko taldean. Azken denboraldian lez, helburu nagusiak pistan izango ditut. Pistan zentratuta jarraituko dut eta errepidea pistako denboraldia ahalik eta ondoen prestatzeko erabiliko dut. 

Izen handiko talde bategaz fitxatu duzu, beraz. 
Eustrak-Euskadi maila handiko taldea da eta horrelako talde batean sartzeak harrotasuna ematen du. Oso pozik nago Eustrakeko parte izango naizelako. 

Zeintzuk helburu dituzu datorren urterako?
Ikasten jarraitu eta ahalik eta ondoen korritzen jarraitzea da nire asmo nagusia. Maila berri batean lehiatuko naiz, eta apurka-apurka maila berri horretara egokitu beharko dut. Beraz, lehenengo urtea ikasteko hartuko dut. Hala ere, lasterketetan maila ona ematea dut helburu. 

Eustrak-Euskadin, bai lantaldean eta baita taldekideen artean ere, izen handiko txirrindulariak dituzu: Ana Usabiaga eta Ziortza Isasi, besteak beste. Ikasteko tokirik onena dela esan daiteke.
Esango nuke talde ona izango dela ikasteko eta maila hobetzen joateko. Denok ezagutzen dugu elkar, ondo ezagutzen naute, eta ondo ibiltzeko aukera izango dudala uste dut. 

Amaitzeko, noiz eta non ikusiko zaitugu talde berriko koloreekin debutatzen?
Oraindino ez dugu berba egin egutegiaren inguruan. Baina, ulertu nuenagaitik, printzipioz, urtarrilean Anadiako belodromoan (Portugal) jokatuko den nazioarteko txapelketara joango naiz, eta ordura arte Anoetako Gipuzkoa Sariko lasterketetan arituko naiz. Otsailean Gipuzkoako Nazioarteko saria izango dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!