Rafael Alvarez El Brujo ibilbide luzeko aktoreak bere azken hamar urteak batzen dituen Cómico ikuskizuna dakar Durangaldera asteburuan; emanaldi bikoitza egingo du, lehenengoa Elorrion, gaur, eta hurrengoa domekan, hilak 17, Durangoko San Agustin kulturgunean. Aktoreen eta, batez ere, antzerkigileen ofizioaren nondik norakoak azaltzen ditu El Brujo-k bere azken lanean, eta bere ibilbideko eta bizitzako pasarteak ere gehitzen dizkio; horrek pribilegio bihurtzen du ikuskizuna. "Azken hamar urteetako lanaren esentzia da. Egunero desberdina da, eta anekdota batek, eguneko albiste batek, publikoak berak, berezi egiten du emanaldi bakoitza", dio berak. "Niretzat barre momentu horiek zer diren azalduko dut, ikuskizunak zelan prestatu izan ditudan, zertarako, eta zergaitik egin ditudan. Ni ezagutzen nauen publikoagaz partekatu gura ditut une hauek, gozatzeko, eta eurek ere gozatzea espero dut", gaineratu du.