Asteburuan hitzordu bikoitza izan dute eskualdeko ziklo-kroslariek Gorlizko eta Segurako lasterketekin. Kadete mailan etorkizunari itxaropenez begiratzeko arrazoiak daudela erakutsi dute F2 Informatica-Amorebieta taldeko Eñaut Bilbaok eta Cafe Dromedario Flotamet taldeko Ander Mendizabalek.
Zapatuan, Gorlizko proba irabazi zuen Bilbaok eta bigarren geratu zen Mendizabal. Hurrengo egunean, Seguran, berriro podiumera igo ziren: bigarren Bilbao eta hirugarren Mendizabal.
Gorlizen eskualdeko beste ziklista batzuk ere nabarmendu ziren: bigarren sailkatu zen Team Zatika taldeko Naia Arregi berriztarra (lehenengo, 23 urtez azpikoan); hirugarren F2 Informatica-Amorebieta taldeko Ander Duñabeitia junior kategorian; bigarren Elorrioko Banan-Banan elkarteko Jon Ander Manjon Master 30 mailan eta hirugarren Durangaldeko Bostak Bat elkarteko Mikel Esteibarlanda.
Seguran, Master 30 mailan bigarren geratu zen Iurretako Gallanda txirrindularitza klubeko Jon Urbieta eta Master 40 kategorian hirugarren sailkatu zen Durangaldeko Bostak Bat taldeko Mikel Esteibarlanda.