Mobilizazioak eta askotariko ekintzak azaroaren 25erako

Anboto 2023ko aza. 24a, 13:15

Azaroaren 25a dela eta, Durangaldeko herri askotan mobilizatzera deitu dute. 

Abadiñon, esate baterako, azaroaren 24an Biolentzia matxisten aurkako 24 orduko konponketa ikuskizuna izango da Pino plazan, 18:00etan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo dute, Mugimendu Feministak deituta, 12:30ean, txanporta plazan. Abadiñoko egitaraua abenduaren 1ean Errota kultur etxean taularatuko duten Emckumea antzezlanagaz borobilduko dute.

Durangon giza katea egingo dute gaur, Alde Zaharrean; ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute bertan. 11:30ean kontzertua egingo dute eta A25eko abestia taldean abestuko dute Alarma Moreagaz batera: Ez beti da ez. Azaroaren 25ean adierazpen instituzionala eta lore eskaintza egingo dituzte, 12:00etan, Ambrosio Meabe plazako oroigarrian. Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak mobilizaziora deitu du. 13:00etan izango da, udaletxe aurrean.

Durangon, Durango Kirol Taldeak Emakumeen VI. Lasterketa antolatu du azaroaren 25erako. Ezkurdi plazan hasiko da. Lehenengo, ibilbide testimoniala egingo dute, eta jarraian emakumeen lasterketa, 5 kilometrokoa.

Domekan, 19:00etan, Histrion Teatro antzerki konpainiakoek Nevenka obra oholtzaratuko dute San Agustin Kulturgunean. Amaieran, berbaldia egongo da antzerki konpainiako kideen eskutik.

Abenduaren 1ean, Maitena Monroy egileak Autodefentsa feminista. Más allá de decir no liburuaren aurkezpena egingo du, Andragunean.

Bestalde, Zornotzan, adierazpen instituzionala egingo dute azaroaren 25ean, 12:00etan, udal plazan. 20:00etan, 11 emakume, 11 istorio dokumentala proiektatuko dute Zornotza Aretoan. Herriko emakumeen testigantzekin landu duten ikus-entzunezkoa da.

Elorrion, Indarkeria Matxistarik Gabeko Herria goiburuagaz mobiliaziora deitu dute, azaroaren 25ean, 13:00etan, herriko plazan.

Iurretan, azaroaren 24an pegatinen eta puntu moreen banaketa egingo dute, Ibarretxen. Gero, Beldur Barik Lehiaketa 2023 Bideoen proiekzioa eta sari banaketa egingo dituzte, 18:00etan. Helduentzako ipuin kontalaria ere izango da: Emakumeak maite zituzten herria, Maite Frankogaz. Azaroaren 25ean adierazpen instituzionala irakurriko dute, Askondon, 12:30ean. Ondoren, manifestazioa egingo dute.

Mallabian elkarretaratzea egingo dute azaroaren 24an, frontoiko aldapan, 12:00etan. Eskolako umeen leloak erakutsiko dituzte eta indarkeriaren kontrako abestia kantatuko dute. Genero indarkeriaren aurkako sentsibilizazio tailerra eta eskulan tailerra egingo dituzte azaroaren 25a aldarrikatzeko. Kontzejuzarrean izango da, 16:30etik 18:30era, Nahikari emakume elkarteak antolatuta. Azaroaren 26an, Film Laburren III. Jaialdia egingo dute, Kontzejuzarrean, 12:15etik 14:00etara. Antolatzailea Nahikari emakumeen elkartea da.

Mañarian, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egingo dute 18:00etan plazan.

Otxandion ekitaldia egingo dute azaroaren 25ean, txoko ondoko kantoian, 19:00etan. Kancaneo Teatroren emanaldia izango da, 20:00etan, txokoan, Bagaizan talde feministak antolatuta.

Zaldibarko liburutegian Volar dokumentalaren emanaldia izango da azaroaren 24an, 18:00etan. Ondoren, Bizitu elkarteko kideek berbaldia emango dute. Bestalde, eskolako umeek eginiko borobil morea ikusgai egongo da eskolan. Azaroaren 25ean, borobil morea udaletxeko plazan izango dute ikusgai. Leku berean, elkarretaratzea egingo dute 13:00etan, Zaldibarko Dominika talde feministak deituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!