Elkarrekin Podemos - Ezker Anitza alderdiak usain txarren inguruko galdera sorta erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, hatsok "herritarrentzat arazo handia" direla iritzita. Miren Gorrotxategi bozeramaileak azaldu duenez, "usain txarrek zuzenean eragiten diote bizi kalitateari. Hala ere, ez dago araudi espezifikorik usain desatseginak isurtzen dituzten substantziak neurtzeko, prebenitzeko eta zigortzeko, nahiz eta kalitate arauak egon".
Talde moreak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azal dezala "zer eskumen dituen usain txarrak arautzeko eta arauak garatzeko; zer azterlan edo ikerketa egiten ari den Jaurlaritza eta Udala usain horien fokua detektatzeko; zer epe aurreikusten dituen durangarrak jasotako kexak helarazten dizkionetik; eta, zer neurri hartuko dituen Eusko Jaurlaritzak Udalaren aldetik jasotako kexekin eskualdean hiribilduko usain txarrak ezabatzeko edo murrizteko".