2022a eta 2023a denon ahotan egon dira batez ere euri faltagaitik eta beroagaitik. Horrela da?
June Ansoleaga: Horrela da, bai. Azken urteak oso gorabeheratsuak izaten ari dira, bai euri eskasiarengaitik, batez ere Euskal Herriko barnealdean, hegoaldean, eta baita bestelako muturreko fenomenoak izan ditugulako ere. Urtaroak aldatzen ari direla esan genezake, zelanbait. Egoerarik ohikoenak aldatzen ari dira. Ez dugu negu gordin-gordinik edo udaberri euritsurik. Azken urteetako lehenengo hileak nahiko epelak izaten ari dira, eta geroago eta uda luzeagoak dauzkagu, tenperatura beroagoak. Azken urteetan egoera hori aldatzen joan da.
Kezkatzeko moduan gaude?
J. A.: Egoera kezkagarria dela argi dago, eta hori ez da Eguraldian esaten dugun gauza bat, mundu mailan esaten den gauza bat da. Munduko meteorologia agentziak adierazten du gauzak aldatzen ez badira eta kutsadura maila, esate baterako, jaisten ez bada, datozen urteak geroago eta beroagoak izango direla eta muturreko egoera gehiago ekarriko dituela. Eta, egia esan, Euskal Herrian hasi gara aldaketa horiek igartzen; beraz, kezka mahai gainean dugu.
Muturreko fenomeno bat oraintsu izan dugun Ciaran da. Nondik datoz ekaitz hauek?
Zuriñe Zulaika: Depresiogune bat da, eta horrek haize ufada oso gogorrak, itsaso oso zakarra eta euria ekarri zizkigun. Baita lehenengo elurtea ere. Ziklogenesi leherkorra izan zen, oso denbora gutxian sortzen den depresiogunea.
Geroago eta ohikoagoak izango dira muturreko fenomenoak?
Z.Z.: Muturreko fenomenoak, uholdeak edo ekaitz handiak betidanik izan ditugu, baina tenperaturaren igoeragaz batera atmosferan izango dugun hezetasuna ere handitu egingo da eta horrek muturreko egoera gehiago ekarriko ditu.
Beharbada gure pertzepzioa izango da, baina ematen du lehen euri egun gehiago egoten zela orain baino. Adibidez, lehen, zirimiria egiten zuen askotan. Orain, ostera, ez dago horrelako euri egunik, eta dagoenean ekaitzak daude.
J.A.: Guk, esaterako, Nafarroako kasua aztertu dugu, eta ikusi dugu geroago eta euri gutxiago egiten duela; batez ere, neguan. Eta handitu egin dela, ostera, muturreko egoeren egun kopurua. Hau da, egun askotan egiten duela euri asko, ekaitzak direlako esate baterako. Eta, bai, kalera goazenean igartzen da lehengo zirimiri amaiezin hori, egunero-egunero izaten genuena, geroago eta gutxiago dugula.
Hor daude lehorteak ere...
J.A.: Bai, eta batez ere Arabako hegoaldean eta Nafarroako erdialde-hegoaldean nabari da, Arabako Errioxa inguruan eta Nafarroako Erriberan.
Z.Z.: Tenperaturari dagokionez, udan, adibidez, bero boladarik handienak hor izan ditugu. Adibidez, lehen Nafarroan oso egun gutxitan heltzen ziren 40 gradura, eta hemendik aurrera geroago eta ugariagoak izango dira 40 graduko egunak.
Desertifikazioa heldu da?
Z.Z.: Oraindino urrun gaude Iberiar penintsulako barnealdeko lekuekin alderatuta, baina egia da datozen urteetan egoera larritu egingo dela.
Datuak ikusita, ematen du hileak aldatu egin direla, lekuz aldatuta daudela. Urtaroek egonkortasuna galdu dute?
J.A.: Esan daiteke Euskal Herrian hasierako urtaroak, negua eta udaberria, geroago eta "suabeagoak" izaten ari direla. Ez dagoela negu gorri gordinik. Egun solteetan bai, hotz handia izaten dugu, baina ez oso bolada luzeetan. Eta gero, batez ere, ikusi dena da udako egoera gehiago luzatzen dela. Orain uda ez da irailaren 21ean amaitzen. Urria ere oso beroa izaten dugu, eta horren adibide aurtengoa da. Errekorrak hautsi dira aurtengo urrian. Beraz, egia da zelanbait urtaroak aldatzen ari direla. Batez ere, geroago eta epel-beroagoak ari dira izaten.
Z.Z.: Oraintsu, esaterako, Copernicusen txostena irten da, eta bertan aipatu dute aurtengoa urririk beroena izan dela, ohi baino 0,85 gradu gorago kokatu dela termometroa munduan, eta 1,3 gradu gorago Europan.
Azkenaldian, suteak ere protagonista izaten ari dira.
J.A.: Bai. Nafarroan, adibidez, 2022an, San Martin Unx eta Uxue inguruetan sute ikaragarriak piztu ziren; egun berean bost baso-sute, hain justu. Ez da ohikoa, baina badirudi geroago eta suntsigarriagoak izango direla.
Eta, zer dela eta?
J.A.: Denak du lotura: zenbat eta tenperatura altuagoak izan, orduan eta aukera gehiago baso-suteak pizteko. Hala ere, horrek ez du esan gura urtero edo uda guztietan horrelako egoerak izango ditugunik.
Egoera irauli daiteke?
Z.Z.: Tenperaturaren igoera, hirietako kutsadura eta biodibertsitatearen galera kezkatu beharreko gaiak dira. Gizakien isurien murrizketa handia izan behar da.
J.A.: Argi dago dagoeneko ezin dugula atzera egin, baina etorkizunera begira neurriak hartu ditzakegu. Esaterako, gizakiak sortzen duen kutsadura murriztu behar dugu, biodibertsitatea zaindu behar dugu, gure hiriak birpentsatu behar ditugu eta negutegi efektuko gasak murriztu behar ditugu. Gobernuek hartu behar dituzten erabakiak dira, baina guk geuk ere aldaketa txiki-handiak egin ditzakegu.