Durangaldeko Ikerlari gazteentzako deialdi berria zabaldu du Gerediaga Elkarteak

Anboto 2023ko aza. 13a, 10:46
Artxiboko irudia.

Eskualdeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna gazteen artean zabaltzeko helburua du ekimenak. Lanak apirilaren 8rako aurkeztu behar dira. 

Euskarazko ikerketa eta dibulgazio lanak sustatu gura ditu Gerediaga Elkarteak. Deialdi berri honetan, bi kategoritan banatuko dituzte lanak: 18 urtera artekoak, eta 19-35 urte bitartekoak; sariak 500 euro eta 1.000 eurokoak izango dira. Nagusien kasuan, gainera, Astola aldizkarian publikatu ahal izango du irabazleak. 

Ikerketa gaiak Durangaldean kokatutakoa izan behar du, eta edozein jakintza-arlotako ikerketa, sormen eta dibulgazio lana izan daiteke: historia, gizartea, kultura, hizkuntza... Bakarkako lana edo taldekakoa izan daiteke, eta eskatzaileak Durangaldean bizi behar du, edota, gutxienez bertan ikasi beharko du. Egitasmoak Durangoko Amankomunazgoaren babesa jaso du. 

Hirugarren deialdia

Lehenengo edizioan Peio Martin zornotzarraren Elkarrizketa amamarekin eta Ibone Gomez zaldibartarraren Euskal bidaiariak lanak saritu zituzten. Nagusien kategorian, ostera, Adrian Burgada durangarraren Ibaizabal ibaiak eraman zuen saria. Iaz, ostera, lan bik jaso zuten saria: Jokin Camarero durangarraren Durangaldeko Mitologia lana eta 19 urtetik gorakoen kategorian Xixili Bengoetxea otxandiarraren Garavilla S. A arrain kontserba fabrikari buruzko ikerketa lanak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!