Durangaldeko paisaien gainean herritarrek duten pertzepzioa jasotzeko inkesta abiatu dute

Anboto 2023ko aza. 7a, 13:00

Inkestan tankera honetako paisaien artean aukeratu daiteke.

Parte hartze prozesuan jasotako iritziak kontuan hartuko dira eskualdeko Paisaiaren Katalogoa osatzeko. Etorkizunean, Aldundiak txosten hori baliatuko du Durangaldeko eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala osatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak, 'Durangaldeko Paisaiei Begire' lelopean, Durangaldeko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoa eta Zehaztapenak lantzeko prozesua hasi du. Ingurugiro arloko ikerketak egiten aditua den Zornotzako Ekos enpresa dabil lan hori burutzen.

Lanak hainbat fase izango ditu. Fase horietako lehenengoa paisaia identifikatzean eta dokumentatzean datza eta herritarren iritziak jasotzeko prozesu parte hartzaile bat abiatu dute. Iritzi edo pertzepzio bilketa hori ez da inguru naturalei buruzkoa soilik, baita egunerokoei, hiri-eremuei eta hiri-ingurukoei edo degradatuei buruzkoa ere.

Iritziak hainbat bidetatik jasoko dituzte. Esaterako, inkesta baten bidez. Inkesta hori LOTURA HONEN bidez egin daiteke. Aurrerago gai honen inguruko tailerra ere egingo dute Durangon.

Jasotako informazioa Paisaiaren Katalogoa egiteko erabiliko dute. Paisaiaren Katalogoa eremu funtzionaleko paisaia ezberdinak identifikatu, aztertu eta baloratzen dituen dokumentua da. Hauen ezaugarri eta kontserbazio egoera kontuan harturik, Paisaia Unitateak definitu eta lortu nahi diren paisaiaren kalitate helburuak proposatzen ditu. Lanketa horretatik, Paisaiaren Zehaztapenak irtengo dira, hau da, paisaia kalitatearen helburuak lortzea ahalbidetuko duten gomendioak, bere garaian Aldundiak landuko duen Durangaldeko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialean jasoko direnak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!