Durangaldeko Itaiak azaroaren 30eko greba prestatzeko asanbladak antolatu ditu

Anboto 2023ko urr. 27a, 14:28

"Emakume langileen bizi baldintzak okertzen" dabiltzala eta zaintza arloa "atzeraka" doala iritzita, Itaiak mobilizazioak egingo ditu azaroaren 30ean. Horri begirako asanblada irekiak egingo dituzte Otxandion, Durangon eta Elorrion.

Durangaldeko Itaiak mobilizazioak egingo ditu azaroaren 30erako deituta dagoen greba feministan. Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lemapean mobilizatuko dira, eta deialdietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Itaiako kideen esanetan, "emakume langileen bizi baldintzak okertzen ari dira", eta horren erakusle modura ipini dituzte "indarkeria matxistaren gogortzea, egiturazko langabezia, gorputzen sexualizazioa eta soldata baxuak". Zaintza arloari dagokionez ere "atzerakada" begi bistakoa dela iritzi dio antolakundeak. Enpresen "interes ekonomiko kapitalistak" egin dituzte horren erantzule, "zaintzaren bidez gero eta diru gehiago irabaztea helburu" dutelakoan.

Asanblada irekiak Durangaldean

Arrazoi horiek guztiak direla eta, azaroaren 30eko mobilizazioa prestatzeari ekin diote. Datozen egunetan greba prestatzeko asanblada irekiak egingo dituzte eskualdeko hainbat herritan. Honako deialdi hauen berri eman dute:

  • Otxandio. Urriak 27. 18:00etan, gaztetxean.
  • Elorrio. Urriak 31. 18:30ean Ateneoan.
  • Durango. Azaroak 3. 18:30ean Bizenta Mogel Bibliotekan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!