Astola aldizkariak zenbaki berri bat gehitu dio bere ibilbideari. Hamazazpigarrena. Eta "inoiz baino azterlan gehiagorekin" egin du itzulera, paper artean dozena bat ikerketa eta elkarrizketa bat jasota. Txelu Angoitiak azaldu duenez, "diseinu erakargarri baten bueltan" batu dituzte Durangaldeko "arteari, ondareari, kulturari eta historiari" loturiko edukiak. Horien artean dago ANBOTOko kazetari Aritz Maldonadok Izaro Andres musikari mallabitarrari egindako elkarrizketa mardula. Izarok bere barruko prozesuak erakutsi eta Cero de enero disko berriari buruzkoak kontatu ditu elkarrizketan.
Ikerlanei dagokienez, aipatzekoa da edukiek duten aberastasuna. Xixili Bengoetxeak, esaterako, Otxandioko arrain kontserba izan zenari buruzkoak landu ditu bere ikerketan. Gainera, Bengoetxea bera izan da aurtengo Ikerlari Gazteen Beka irabazi duena. Aitziber Gonzalezek, berriz, Elorrioko linaputzuei buruzkoak harilkatu ditu, eta Izaskun Ellakuriagak Zaldibarko ospital psikiatrikoaren mendeurrena izan du gogoan. Gabako elkarteko kideek eskualdeko kideek saguzarren inbentarioa egin dute eta Ainhoa Zabarte zaldibartarrak ikusgaitasuna eman die eskualdeko emakume sortzaile gazteei. Aitor Monterok gaur egun desagertuta dagoen Mañariko Atxuri I kobazuloari buruzkoak gogorarazi ditu eta Iñaki Goioganak ere garai bateko kontuak batu ditu bere ikerlanean. Zehazki, 1918 eta 1920 bitartean han-hemenka zabaldu ziren auzo eskolei buruzkoak. Literatura ondarea berreskuratzeko lana Xabier Bovedak, Joseba Sarrionandiak eta Maite Arrizabalagak hartu dute bere gain, eta Jon Irazabalek Astolako Etxeak sasoi batean izandako kartzela funtzioak ekarri ditu gogora. Angel Zuritak, bestalde, frankismo garaian diseinatu zen Martí Plana aztertu du. Durangaldeko egitura administratiboa 14 udalerritatik 6 udalerritara igaroarazteko saiakera.
Durangoko udaletxeko margolanak
Aldizkari berrian jasotako azterlanetako bat kalera aterako dute barikuan. Bartolome Ertzilla Musika Eskolako Ana Celia Ormaetxea irakasleak Durangoko udaletxeko fatxadako margolanak aztertu ditu. Eta barikuan, udal plazan bertan, margo musikal horiek biziarazteko ekitaldia egingo dute, irudi proiekzioak eta musika lagun. Ekitaldia publikoa da. 20:00etan hasiko da. Bestalde, Gerediaga elkarteko Izaskun Ellakuriagak zehaztu du podcastak ere ipiniko dituztela entzungai. Euretariko batek Iurretako Santa Apolonia aldean aireportu bat egiteko zeuden asmoak kontatuko ditu.
Astola aldizkaria honeko leku hauetan ipini dute salgai 5 euroan: Amillena (Atxondo), Petite eta Zelaietako estankoa (Abadiño), Etxebarria estankoa (Berriz), Urrike, Hitz, Arteka, Ikerfer, Gozo Txori, Marpa, Museoa (Durango), Txokolat (Elorrio) eta Iurretakopi (Iurreta).